Elkarlan publiko-pribatuaren eginkizuna aldarrikatu du Oihane Agirregoitiak etxebizitzaren erronkari erantzunak ematera begira

Europako Parlamentuak, EAJ-PNVren babesarekin, zaurgarritasun-egoera larrienean dauden pertsonei babesa emateaz gain, burokrazia gutxiago eta jabe txikiarentzako segurtasun juridikoa erreklamatzen dituen txostena onetsi du
Elkarlan publiko-pribatuaren eginkizuna aldarrikatu du Oihane Agirregoitiak etxebizitzaren erronkari erantzunak ematera begira
10 Martxoa | Europako Legebiltzarra

Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzaleak gaur, asteartearekin, Europako Parlamentuaren osoko bilkuraren aurrean defendatu du EAJ-PNVk elkarlan publiko-pribaturako hobesten duen eredua, etxebizitzaren erronkari konponbideak ematen lagun dezan. Hala egin du Europar Batasunaren etxebizitza krisiari buruzko lehen txostena bozkatu aurreko eztabaidan, txosten hori europar ganberak gaur bertan onetsi duelarik. “Dei bat egin nahi dut txosten honetan jasotzen diren urratsen eta jardueren alde: burokrazia murriztea, gazteentzako eta gizatalde zaurgarrientzako laguntzak, eskaintza eredu publiko-pribatuaren eskutik eta elkarlanaren bidetik joan dadila, gehiegikeriazko praktikei mugak jarriz eta konponbide erreal eta integrala emanez, higiezinen merkatuan zuzenean eraginez”, aldarrikatu du.

Hitza hartzeko izan duen tartean, ordezkari jeltzaleak gogora ekarri du pertsona guztiek dutela etxebizitza duina izateko eskubidea, erosita edo alokatuta, eta eraikuntzaren euskal klusterrak etxebizitzaren arazoari konponbideak emateko hartu duen konpromisoa ekarri du gogora, euskal eta europar hiritargoaren kezkarik nagusienetakoa izanik. “Sustatzaile eta eraikitzaile handietatik harago, industria bat dago Euskadin 112.000 lanpostu sortzen dituena. Enpresa txikiez osatuta dago: leiho lantegiak, porlan lantegiak, argindar materialen lantegiak, elektrikariak, igeltseroak, ingeniaritza-enpresak, hondakinen kudeaketa-, robotika-, eta berrikuntza enpresak. Haiek ere lagundu nahi dute etxebizitza duina eskuratzea bermatzen”, azpimarratu du.

Europar Batasunak etxebizitza alorrean eskuduntza zuzenak ez dituen arren, onetsi berri den txostenak jasotzen ditu Euroganberak  esparru honetan hartu nahi duen bidearen inguruan: “Ematen den egoera da Europar Batasunean hamar familiatatik batean sarreren %40 etxebizitzara dedikatzen dutela, 2010 eta 2025 urte bitartean alokairuek   gora egin zutela %30 batean eta erosteko prezioak %60 igo direla. Bien bitartean, eraikitzeko baimenen kopurua %20 jaitsi da 2021etik. Gehiago eta arinago eraiki behar dugu, burokrazia gutxiagorekin, errenta baxu eta ertaineko familiei lagunduko dien fiskalitatearekin, etxebizitza eskuratzeak eskubide izaten jarraitu behar duelako”, laburbildu du Agirregoitiak.

Onartu den txostenean eurodiputatuek eraikitzeko baimenak arinago ematea eskatzen dute, eraikitzeko baimenak jasotzeko hirurogei eguneko epea ezarriz; prozesura administratiboak murriztea eta eraikinak birmoldatzea eta berritzea erraztea; Etxebizitza Eskuragarrirako Planean funts bereziak esleituz; eta prezioen dinamika aztertzea, gehiegizko espekulazioari buruzko ebidentziak barne. Ildo beretik, etxebizitzen legez kanpoko okupazioa gaitzesten dute eta mekanismo juridiko arin eta eraginkorrak eskatzen dituzte etxejabe txikia babesteko, bereziki bizitzeko alokairutik jasotzen dituzten dirusarrerak beharrezko dituzten pertsonak, horien artean pentsiodunak.

Aldi  berean maizterrentzako babesak erreklamatu dituzte,  babestuago egon daitezen errenta neurrigabe igotzeko edozein saiakeraren aurrean. Txostenak, hirietan etxebizitza publiko eta soziala egokiro sustatzea erreklamatzearekin batera, etxegabetasuna borrokatzeko beharra azpimarratzen du, bereziki adingabeena,  bai eta desgaitasuna duten pertsonentzat etxebizitza eskuratzea bermatzeko beharra ere. Azkenik, agiriak toki eta erregioetako agintaritzak aldarrikatzen ditu  eta beren zeregina “funtsezko” jotzen du  etxebizitza beharrizanak ezartzeko eta estatuko estrategiei laguntzeko orduan, eta estatuko laguntzen inguruko arauak berrikustea proposatzen du etxebizitza sozialean inbertsio publikoa ahalbidetzeko eta berreskuratze planean erabili ez diren funtsak arlo honetara bideratzeko. 

PARTEKATU