"Mugatik gertu bizi garenontzat eta egunero batetik bestera ibiltzen garenontzat, hirietara edo udalerrietara iristea eta ingurumen-etiketak elkarreragingarriak ez izatea, bakoitzak bere bineta duelako, arazoa izan daiteke. Beraz, uste dugu Europan eztabaida hau ireki behar dela eta bineten arteko elkarreragingarritasuna egon behar dela", azaldu du Maribel Vaquero Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaileak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean.
Horregatik, Euskal Taldeak legez besteko proposamen bat erregistratu du Kongresuan, eta, bertan, Espainiako Gobernuari eskatu dio Europar Batasunean ingurumen-etiketen harmonizazioa bultza dezala, ibilgailu horiek mugaren alde batetik bestera igarotzean kalterik jasan ez dezaten. Bere ekimenean, EAJk Emisio Baxuko Eremuekiko konpromisoa eta ingurumena eta pertsonen osasuna babesteko hartutako neurriak azpimarratu ditu. Hala ere, zehaztu duenez, "EBn estatu bakoitzak bere ingurumen-etiketatzeko sistema du. Hain zuzen ere, Frantziako bereizgarrien proiektuak 6 kategoriatan sailkatzen ditu ibilgailuak, eta Espainiako Estatuan, berriz, 4 kategoria daude ". Eta horrek etorkizunean "Euskadi bezalako mugaldeetan arazo bat sor lezake, batez ere gipuzkoarrentzat eta nafarrentzat, egunero Iparraldera igarotzen baitira, eta bertan egunero 62.000 ibilgailuko bidegurutzea dagoela kalkulatzen baita".
Horretarako, etiketen sailkapenean irizpide bidezkoagoak sustatzea proposatzen du ekimenak, hala nola, emisio errealak, ibilgailuaren eraginkortasun energetikoa edo emisioen bizi-zikloaren analisia, eta ez matrikulazio-data.
EAJ-PNV kezkatuta agertu da gai horrekin Europako Parlamentuan eta Senatuan, eta gai horri buruzko hainbat galdera egin eta erregistratu ditu.