Gaur Irunen egindako ekitaldian, EAJ-PNV Gipuzkoako senataria den Jokin Bildarratzek nabarmendu du Madrilgo Euskal Taldeak egin duen lana “erabakigarria” izan dela 2023an Abiadura Handiko Trenaren lanak amaitutzat emateko eta errealitate bilakatzeko. Gogora ekarri du Gipuzkoan lanen %90 amaitutzat daudela, eta %75 bai Bizkaian baita Araban ere.
Agerraldian, Bildarratzekin batera izan dira Kongresurako eta Senaturako EAJ-PNVren hainbat hautagai, besteak beste Iñigo Barandiaran eta Maribel Vaquero, eta baita Xabier Iridoy ere, datozen udal hauteskundeetan Irungo alkategai jeltzalea dena. Garraiobide azpiegiturak garatzeko EAJ-PNVk beti egin duen “apustu sendoa” defendatu du Jokin Bildarratzek, eta azpiegiturak “funtsezkoak” direla esan du, “bai hazkunde ekonomikoari, bai bizi-kalitatearen hobekuntzari eta baita lurralde kohesioari dagokionez ere”. “Ekimen bezala mahai gainean jarri dugu Euskal Y delako amaitzea, eta Estatuko Aurrekontu Orokorren bitartez, lanak bukatzeko behin-betiko bultzada eman dugu”, azaldu du senatariak. “EAJ-PNVk aurrerapausoak lortu ditu presionatzen aritu garelako: hala egin genuen PPrekin eta orain PSOErekin. Gu ez bagaude, ahaztu egiten zaie Euskadi”, laburbildu du jeltzaleak.
Bildarratzek Abiadura Handiko Trenaren proiektua “euskal nazioaren etorkizuneko ardatz estrategikotzat” hartu du. “Behar-beharrezko” azpiegitura honek, Senatariaren hitzetan, euskaldunen behar sozial zein ekonomikoak asetuko ditu, eta aldi berean, estrategikoa ere izango da Europar Batasunarentzat, “baina, aldiz, ez Estatuarentzat, zeinak oraindik ez duen landu Europarekin izango duen konexioa”. Gaur goizean Irunen egindako agerraldian, Bildarratzek gogora ekarri du hiru hamarkaden ostean, Abiadura Handiko Trenaren bitartez penintsularen eta Europaren arteko konexioa oraindik errealitate ez dela bilakatu: “Duela 30 urte Madril Parisekin eta Bruselarekin konektatu nahi zuten, baina alderantziz hasi ziren, trenbidea Madrildik Sevillara jartzen”, esan du Bildarratzek, eta gehitu du, garai horretan bai Madrilen bai Irunen alderdi sozialistak zegoela gobernuan. “Aldatu egin behar da hori eta EAJ-PNVren aldetik soilik etor daiteke aldaketa”, senatari jeltzalearen hitzetan.
“Euskadiren eta Europarekin dugun konpromisoa irmoa da eta horregatik –esan du Bildarratzek- Nafarroarekin eta Akitaniarekin trenbide sare berriaren konexioa ere bultzatzen dugu, Europaz bestaldeko atlantiar trenbide sarearen garapen osoa bukatzeko; eta baita Europako barne merkatua indartzeko ezinbesteko proiektua delako ere”. Senatari jeltzaleak gehitu du Euskal Y-a “Europaren eraikuntzara”, ekonomia garapenera, lehiakortasunera, lurralde kohesiora eta aukera berdintasunera bideratuta dagoela. “Beti entzun izan ditugu AHTaren inguruko diskurtso ezkorrak eta demagogiaz beterikoak, paralisi egoera batera besterik eramaten ez gaituzten diskurtsoak. AHT herri bezala hazteko euskal nazioaren etorkizuneko bizkar hezurra da, Europara lotzen gaituena eta errealitate dena EAJ-PNVri esker”, laburbildu du Bildarratzek.
750.000 euro Irungo trenbide-sarea birmoldatzeko
Senatari jeltzaleak gogora ekarri du EAJ-PNVk aurkezturiko mozioari esker, Estatuaren Aurrekontu Orokorretan 750.000 euroko partida onartu zela 2019ko urtarrilean Irungo trenbide-sarea birmoldatzeko, lehenago zuen eginkizuna galdu duen espazioa. ”EAJ-PNVren lanari eta esfortzuari esker, Irunek 34.000m2 berreskuratuko ditu hiri-gunean”, zehaztu du Bildarratzek.
“Euskadi helburu dugula egiten dugu lan EAJ-PNVn eta oro har garraio eta bide azpiegituren arloan Euskadirentzat izan behar diren transferentziei ematen diegu lehentasuna, agerian geratu baita Euskadin bertan eta bertatik modu eraginkor eta hobe batean kudeatu eta garatu daitezkeela”, adierazi du.
Bildarratzek bere agerraldia amaitu du esanez “azken legealdi honetan zehar Euskadirentzat garrantzitsuak izan diren proiektuak sustatu direla, horien artean Euskal Y eta Irungo trenbide-sarea, eta baita beste hainbat proiektu ere, hala nola Hegoaldeko Saihesbidea Bizkaian, Forondako aireportua, Pasaiako portua, Ordizia eta Beasaingo trenbide-ingurabidea eta Euskadi osoan zehar zeuden trenbide-pasagune anitzen ezabapena”. “Horiek dira gure emaitzak, euskaldun guztiontzat onuragarriak direnak hain zuzen ere, eta beste behin erakutsi dugu EAJ-PNV erabakigarria dela Madrilen. Guztiek ezin dute gauza bera esan”.