Esteban Txile, Argentina eta Uruguaira bidaiatuko da eginkizun politiko, instituzional eta ekonomiko-enpresarialetan jarduteko

Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak maila goreneko bilera politikoak izango ditu Latinoamerikako hiru herrialdeetan, Euskal Selekzioa animatuko du Mendozan jokatuko den esku pilotako Munduko Txapelketan eta Buenos Aires eta Montevideoko Aberri Egunetan parte hartuko du
Esteban Txile, Argentina eta Uruguaira bidaiatuko da eginkizun politiko, instituzional eta ekonomiko-enpresarialetan jarduteko
06 Apirila | EBB

Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak misio politiko, instituzional eta ekonomiko-enpresarialari hasiera emango dio gaur Txile, Argentina eta Uruguaira egingo duen bidaian. Egitasmo honen helburu nagusia alderdi jeltzaleak herrialde horietako euskal komunitatearekin duen sarea indartzea da.

Helburu horrekin, Estebanek aste osoan zehar euskal diasporarekin topaketak izango ditu, eta badira garrantzi berezia izango duten hiru ekitaldi: apirilaren 9an Mendozan jokatuko den Munduko Pilota Txapelketa, non Euskadi-Txile eta Euskadi-Argentina partidak jokatuko diren, eta hilaren 11n Buenos Airesen eta 12an Montevideon ospatuko diren Aberri Egunak. Estebanek atzo Bilbon egindako Aberri Egunean adierazi zuenez, euskal nazioa Euskaditik kanpo ere aitortzen eta eraikitzen da, eta "gure diaspora, aberritik milaka kilometrora bizi diren euskaldunak, eredu ezin hobea da desberdin egiten gaituena bizirik mantentzeko".

Bilera politikoei dagokienez, hiru herrialdeetako testuinguru politikoa zuzenean ezagutzea da helburu nagusia, ereduak kontrastatzea eta harremanak sendotzea, eta, hori guztia, EAJ-PNVk egiten duen moduan, zentralitatetik jarduten duten eragile politikoekin egitea. Horretarako, Txileko PDCrekin, Argentinako PROrekin eta Uruguaiko hiru eragile politiko nagusiekin bilduko da. Txileko eta Argentinako gobernuburuekin ere bilerak egingo dituzte. Era berean, empresariekin topaketak egingo dira, EB-Mercosur akordio berria jorratzeko, bai eta erreferente politiko, ekonomiko eta unibertsitate-mundukoekin ere.

EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko komunikazio taldeak bidaiaren jarraipena egingo du eta Alderdiaren web orriaren (eaj-pnv.eus) eta bere sare sozialen bidez berri emango du. Txileko, Argentinako eta Uruguaiko komunikabideekin ere elkarrizketak egingo ditu Estebanek.

PARTEKATU