Aitor Estebanek gaur aldarrikatu du "Euskadi bizia, funtzionatzen duen Herria, aurrera egiten duena, erantzuten duena: Herri fidagarria"

EBBren Presidentea eta Pradales Lehendakaria protagonista nagusi izan dira gaur elkarrekin egin duten bigarren Aberri Egunaren ospakizunean Bilboko Plaza Barrian egin den mitin jendetsuan
05 Apirila | EBB

“Gaur, ospatu ez ezik, era zehatz batez etorkizunera proiektatu nahi dugun aberria aldarrikatzen dugu. Izan nahi dugun Herria. Gurea Herri fidagarria da, egonkortasuna duen Herria, Herri demokratikoa, giza eskubideak errespetatzen dituena, Herri solidarioa, elkarlan publiko-pribatuan sinesten duen Herria, eslogan gutxiko herri langilea, ezberdina errespetatzen duen Herria, Europar Herria, Herri europazalea, bizitzeko moduko Herri bat, non hiritar guztiek beren bizi proiektua eraikitzeko aukera izango duten. Horixe da gaur hemen balioesten duguna. Funtzionatzen duen Herria. Erantzuten duen Herria, konfiantza osoa ematen duen Herria. Horixe da Euskadi!”.

Hori izan da Euzkadi Buru Batzarraren presidente Aitor Estebanek gaur Bilboko Plaza Barrian Aberri Eguneko ospakizunean gainezka bete duten alderdikide eta alderdizaleei luzatu nahi izan dien mezu nagusia. ´Aberria Bizi´ goiburupean egin den mitineko beste hizlariak izan dira Imanol Pradales Lehendakaria eta Maider Irujo EGIkidea.

EBBren presidente gisa bizi izan duen bigarren Aberri Egunean, Estebanek azpimarratu nahi izan du Euskadi bizirik mantentzearen garrantzia, Aberria bizirik mantentzearen esanahia. “Euskadi askea defendatzea ez baita iraganeko lana, baizik eta gaur egungoa, etorkizuna eraikitzea eskatzen duelako, bai eta Herri bat bizirik mantentzea ere”. Herria, Estebanen esanetan “ez dago eginda, egunero idazten da”. “Herriaren defentsa ere egiten da hemendik milaka kilometrotara”, gure diasporarekin gertatzen den bezala. Ildo beretik, Estebanek txerazko adierazpenak eskaini nahi izan dio diasporari, eta iragarri du datorren astean bertan Txileko, Argentinako eta Uruguaiko diasporak bisitatuko dituela.

Hain zuzen ere, Estebanek gizarte gisa daukagun “erantzukizuna” erreklamatu du, aurrera egiten jarraitzeko eta gure arbasoek lortu zuten guztiari eusteko: EiTB, hezkuntza sistema, Osakidetza, autogobernua eta ongizatea… Aberrigintza horretan, jeltzaleen buruak aldarrikatu du EAJk bete izan duen zeregina, eta ziurtatu du jeltzaleak direla “euskal abertzaletasunaren defendatzailerik onenak”. Hala eta “ezer  ere bermatuta ez dagoela” ziurtatu ondoren, Estebanek gizarteari hitz egin nahi izan dio “dena ematea eskatuz”. Eskakizun horretan, gazteei hitz egin die Estebanek “Aberri ez da soilik  garena, elkarren artean egiteko gai izango garena baizik. Horregatik, gaurkoa ezin da soilik ospakizun eguna izan. Eraiki nahi dugunarekin konpromiso bat hartzeko eguna da. Konpromisoa bizirik jarraituko duen Herriarekin, aurrera egiten jarrai dezan, bere jendearena izaten jarrai dezan”.

Estebanek bere hitzaldian aipatu nahi izan ditu 2027an egingo diren udal eta foru hauteskundeak, eta iragarri du EAJ-PNVk maiatzean ekitaldi nagusi bat egingo duela “inflexio puntua” izatea espero duena. “Jokoan ez dago nork gobernatzen duen, baizik eta nola bizi nahi dugun eta atzetik datozenei zer Herri utzi nahi diegun. Une honetan erabaki behar dugu Herrigintzan jarraitu nahi dugun edo besteei utziko diegun Herri hau desegiten. Eta, horregatik, hauxe da gure momentua”, esan du. Defendatu du “Alderdi prestatu, ireki eta gardena, elkarrizketazalea, bere alderdikideekin eta hiritargoarekin konektatua”, eta “zentralitate politikotik” erronkei helduko diena. “Izan ahal garen guztia aktibatzeko momentua heldu da”, esan die Bilbon elkartu diren herritarrei.

Azkenik eta “euskararen funtsezko erreferente gisa” Koldo Mitxelenaren figura aldarrikatu ondoren, gogora ekarri du Itxarkundiako batailoiko teniente eta Juan Ajuriagerraren konfiantzazko gizona izan zela eta, alderdikide eta jelkide gisa, bertaratu guztien aurrean omendu nahi izan du. Esteban baikor agertu da euskararen legearen inguruko balizko akordio baten inguruan. “Segurtasun juridikoa eman behar diogu eta akordioa lortzen ahaleginduko gara azken minutuko azken segundora arte. Bermeak emango dituen akordioa, Eusko Legebiltzarrean gehiengo bat ekarriko duena. Hala izatea espero eta nahi dut”.

Imanol Pradales Lehendakariak autogobernuaren balioa aldarrikatu du, euskal gizartearen ongizatea bermatzeko tresna gisa. Gainera, honen alde egin beharrean haren garapena oztopatu eta kritikatu dutenak gaitzetsi ditu. “Ez zait buruan sartzen norbaitek euskal herritarrentzat positiboak diren lorpenak gutxiestea edo trabak jartzea. ‘Norbait’ horrek ez badu autogobernu gehiago nahi, argi esan dezala”, adierazi du.

Euskadik lortutako eskumen eta aurrerapenen errepaso zehatza egin ostean, Lehendakariak gogorarazi du Pedro Sánchezek hartutako konpromisoak bete behar dituela, agintaldiaren amaierako garai politiko konplexu hau ez baita aitzakia. “Berdin du Moncloan nor dagoen. Edozein delarik ere behar adina aldiz batzartuko naiz Euskadiren interesak defendatzeko”, esan du. Hori guztia, euskal herritarrek herri gisa dituzten eskubideak bermatzeko. “Ez dugu etsiko”, adierazi du. Gainera, lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena ospatuko dela oroitarazi du.

Euzko Gaztediko Aberri Kontseiluko Euskara eta Kultura arduradunari, Maider Irujo nafarrari egokitu zaio gaurko ekitaldi politikoari hasiera ematea. “Herri honen alde musutruk eta ezer ere espero gabe lan egin zutenen ondorengoak gara, gau eta egun lan egin baitzuten gaur zaintzen eta horrenbeste maite dugun Herri hau lortzeko”, esan du. Gazteek gaur dituzten erronka nagusietako batzuk aipatu ondoren, horien artean etxebizitza, hezkuntza, migrazioa edo “gure baloreen” defentsa, Irujok “konpromisoa, lana eta batasuna” erreklamatu ditu “gure komunitateak aurrera egiten jarrai dezan”. ”Langileak gara, bai, baina gure asmoa ere bada ondo pasatzea . Eta jakin dakigu Herri oso baten indarra dugula, gure ametsak errealitate bihurtzeko”, amaitu du.

 

PARTEKATU