Berrerortze anizkunari aurre egiteko Legea onetsi du Kongresuak, Euskal Taldearen babesarekin

Talde jeltzaleak Senatuan aurkeztutako zuzenketak baztertu ditu baina erreforma babestu du, delituak behin eta berriz egiten dituztenak hobeto jazartzeko balioko duelako eta Euskadin errefortzuko epaileen kopurua bikoiztea ekarriko duelako
Berrerortze anizkunari aurre egiteko Legea onetsi du Kongresuak, Euskal Taldearen babesarekin
26 Martxoa | Kongresua

Kongresuak gaur bertan, ostegunarekin, Berrerortze Anizkunaren inguruko Lege Organikoaren Proposamena onetsi du, zeinaren bidez Zigor Kodea eta Prozedura Kriminalaren Legea aldatuko baitira, antzeko delituak behin eta berriz egiten dituzten pertsonak jazartzea erraztuz. Euskal Taldeak, Senatutik etorritako zuzenketak baztertu dituen arren, erreforma hau babestu du  euskal hiritargoak gero eta arazo handiagotzat jotzen duen fenomeno honi erantzun hobea ematen duelakoan.

Hitza hartzeko izan duen tartean, Mikel Legarda diputatuak azaldu du talde jeltzaleak proiektu hau babesten duela beharrezkoa delako “erantzun  penal egokia eman behar zaielako  behin eta berriz ondarearen aurka errepikatutako delitu-jokabideei, orain arteko isun-zigorra eraginkorra izan ez delako eta lapurreta- eta iruzur- delituetan behin eta berriz erortzen diren  pertsona askorentzat zigorgabetasun eraginkorra dakarrelako", baina argi utzi du arazo horrek "neurri zigortzaileekin batera beste neurri sozial batzuk behar dituela", izan ere, "batzuek eta besteek, kasu batzuetan, erantzun beraren bi aldeak osatzen dituzte".

Proiektuak, alde batetik, Zigor Kodea aldatzen du, berrerortze anizkuneko kasuetan zigorrak doitzeko: isunari eusten zaio lapurretak hiru baino gutxiago badira eta 400 eurotik beherako balioa badute; baina laugarren lapurreta zigortzen da egilearen zigor- historialaren arabera. Era berean, urtebetetik hiru urtera bitarteko espetxealdia izango dute bi kasu berrik, hala nola mugikorren lapurretak, ez balio ekonomikoagatik, baizik eta gizartean eta pertsonen intimitatean duten garrantziagatik; eta nekazaritza-ustiategietako erreminten kasuan, beren garrantziagatik. Gainera, epaiaren zain dauden lapurreten kasuan, kautelazko neurriak gehi daitezke, hala nola leku jakin batzuetatik urruntzea, delitu horiek egiten dituztenek zigorgabetasunez jarduten jarrai ez dezaten.

Era berean, hasierako izapideetan zehar Euskal Taldea Junts proiektuarekin, PSOErekin eta PPrekin, negoziatu ondoren, aldaketa bat sartu da Prozedura Kriminalaren Legean, lurralde-atxikipeneko epaileak gehitzea bermatzen duena. Aldaketa horren ondorioz, Euskadin kopurua bikoiztu egingo da, egungo 10etatik 20ra. Horrela, sistemari baliabide gehiago ematen zaizkio delitu horiek garaiz epaitzeko. Era berean jaso da, udalak delitu errepikatuen kasuetan pertsonatu ahal izango direla.

PARTEKATU