Sindikatuek deituriko greba orokorraren atzean “motibazio politikoa” dagoela salatu du EAJ-PNVk

Talde jeltzalea bat dator pertsona guztientzako gutxieneko soldata duinaren aldeko defentsarekin, baina hiritargoari jakinarazi nahi dio EAEk eta NFKk ez dutela Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata igotzeko eskumenik. Ildo beretik adierazi dutenez Herri osoa gelditzeko deia egin dutenek “zarata besterik ez dute egin nahi, errealitatean ematen ez den haserre sentsazioa erakutsiz”
Sindikatuek deituriko greba orokorraren atzean “motibazio politikoa” dagoela salatu du EAJ-PNVk
17 Martxoa | EBB

EAJ-PNVk, pertsonen funtsezko eskubideak defendatzen dituen alderdia den aldetik, erabat errespetatzen du herritarrek greba egiteko duten eskubidea. Eskubide horrek barne hartzen du greba eskubidea baliatu nahi ez duenaren erabakia errespetatzea, baina inola ere ez du ekintza bandaliko eta bortitzik babesten. Sindikatu batzuek gaurko egin duten greba deialdia nola ematen ari den ikusita, deialdi horren atzean “motibazio politikoa” dagoela ulertzen du EAJ-PNVk, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Komunitateak gaur gaurkoz ez baitute Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata igotzeko eskumenik. Espainiako gobernua da eta hain zuzen ere Lan Ministerioak, Gutxieneko Soldata ezartzeko eta urtero igotzeko ahalmena duen bakarra. Hori dela eta, EAJ-PNVk ulertzen du “gaur Herri osoa gelditzera deitu dutenek zarata eragitea baino ez dute bilatzen, bai eta errealitatean ematen ez den haserre sentsazioa erakutsi ere”.

Hainbatetan adierazi duen bezala, EAJ-PNV bat dator langileentzako soldata duinaren aldeko defentsarekin, eta negoziaketa kolektiboaren bidea aldarrikatzen du horretarako. Are gehiago, jeltzaleek ziurtatu dute autonomietako lan hitzarmenen nagusitasunak, EAJ-PNVk Madrilen lortutakoa, atea irekitzen du negoziaketa kolektiboa loteslea izan dadin eta zuzenean aplika dadin, Euskadiko Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata propioa lortzea ahalbidetuz. 2023an EAJ-PNVk, Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean adostu zuten gutxieneko soldataren igoera babestea, eta une hartan ugazaberiaren eta sindikatuen arteko negoziaketaren alde agertu ziren denak. Halaber, EAJ-PNVk eta PSE-EEk adostutako Gobernu programak ildo beretik jasotzen du Gizarte Elkarrizketa Mahaia sustatzeko eta aurrera emateko konpromisoa, eragile sozialen autonomia errespetatuz, eta lanbide arteko akordioak negoziaketa kolektiborako gutxieneko soldata jaso dezala Euskadiko egoera sozioekonomikora egokitua.

Hala ere, eta aipatutako akordioak gorabehera, euskal sindikatuek alde bakarretik erabaki zuten Eusko Legebiltzarrera ekimen legegile bat eramatea, Ganbera honek Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren inguruko eskumenik ez duela jakin arren. Gauzak horrela, sindikatu horiek aldarrikapena Kongresura eraman dute eta alderdiek, tartean EAJ-PNV negoziaketa prozesuan ari dira une honetan Euskal Autonomi Erkidegoak eta Nafarroako Foru Erkidegoak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata propioa izan dezan. EAJ-PNVk bat egiten du erabat aldarrikapen horrekin. Horregatik guztiagatik, EAJ-PNVk uste du gaur sindikatuek deitu duten greba orokorrak ez duela “izateko arrazoirik” eta berretsi du aldarrikapenak adosteko bideak zabalik dituela dagoeneko . “Berandu baino lehen” Euskadik Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata propioa izango du, Estatukoa baino altuagoa, baina “ez da izango gaurko moldeak erabilita” ziurtatu dute. EAJ-PNVk jakin nahi du “greba honen benetako helburua ote den aldarrikapen bat defendatzea edo tresna bat politikoki erabili nahi den”. Amaitzeko adierazi dutenez “greba honek, langileei mesede egin baino, kaltea baino ez die egiten Herri osoa gelditzea bilatzen duelako ziurgabetasun globaleko testuinguru batean”.

PARTEKATU