Euskal Taldeak 31 neurri proposatu ditu Ekialdeko gatazkaren eraginez familien eta langile autonomoen gastuaren igoerari aurre egiteko

Vaquerok asteburuan bidali zizkion Espainiako gobernuari talde jeltzaleak prestatu dituen neurriak. Zerrenda hauetan jasotzen dira laguntza zuzenak, zerga-hobariak eta lege aldarazpenak, denak Euskadiko industria, lehen sektore eta garraioaren iraunkortasuna babesteko eta enplegua bermatzeko eta neurri horiek hiritarren “poltsikoetan” nabari daitezen
16 Martxoa | Kongresua

Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaile Maribel Vaquerok, gaur bertan aurkeztu ditu talde jeltzaleak Espainiako gobernuari asteburuan bidali dizkion neurriak, AEBk eta Israelek Iranen kontra hasitako bonbardaketen ondorioz Ekialdean piztu den gatazkak ekarri dituen ondorio ekonomikoei aurre egitera begira. Osotara, 31 neurri proposatu dira hiritarrek “euren poltsikoetan nabari ditzaten”. Neurriak, oro har, familiei eta langile autonomoei laguntzeko pentsatuta daude, industriarekin batera euskal ekonomiaren eta Euskadiko enpleguen parte inportante bat sostengatzen dutela gogoan.

Neurri hauek barne hartzen dituzte laguntza zuzenak, zerga-hobariak eta lege aldaketak. Sektore produktibo zehatzetara zuzenduta daude, hala nola garraioa, lehen sektorea eta industria. “Produkzio katean eragina izan dezaketen neurriak proposatu ditugu, produktuak merkatura iristean prezioa nabarmen igo ez dadin. Lortu behar dugu erosketa orga betetzea burukomina izan ez dadila, Euskadin ditugun 166.000tik gora langile autonomoek, familia bat sostengatzen duten milaka negozio txikiek beren lanekin eta negozioekin jarraitu ahal izatea”, azaldu du Vaquerok Sabin Etxean, Bilbon, gaur eman duen prentsa aurrekoan.

“Erregaien prezioak gora egin du nabarmen eta argindarraren prezioa bere gorenera iritsi da. Horrek esan nahi du zailtasunak etorriko direla familientzat, bereziki kalteberatasun egoeran daudenentzat, pentsio txikiak jasotzen dituzten adineko pertsonentzat, ama bakarrentzat, mendekotasun egoeran dauden pertsonentzat eta, batez ere, langile autonomoentzat eta negozio txikien jabeentzat, beren gastuak biderkatzen direla ikusten baitute sarrerek bere horretan jarraitzen edo igotzen direla ikusten duten bitartean. Ondorio kaltegarriak ere badira industriarentzat, euskal ekonomiaren eragile nagusiarentzat”, azaldu du Vaquerok. Euskal Taldeak prestatu duen proposamenean jasotzen diren neurriek barne hartzen dituzte aldi baterako neurriak, egungo egoera energetikoari erantzuna emateko energia-merkatuen funtzionamendua hobetzera, produkzio sareari laguntzera eta eredu energetiko eraginkorrago, erresilienteago eta lehiakorragorako trantsizioa bizkortzera begira zuzendutako neurriekin. Gatazka hau denboran luzatuko balitz, neurri horiek zabaldu beharko lirateke eta unean uneko benetako egoerara egokitu.

Bozeramaile jeltzaleak neurri horietako batzuk aurreratu ditu, hala nola “pertsona kalteberentzako ezkutu sozial energetikoa berreskuratzea; oinarrizko hornigaien prezioak mugatzea, hauen artean gasarena eta butano bonbonena; gasaren prezioan salbuespen iberikoa berreskuratzea; Covid-aren eta Ukrainako gerraren ondoren energia kontsumoaren fakturak kontrolatzen lagundu zutenak; edo erregaien prezioaren gaineko hobariak sektore profesional batzuentzat, hala nola salgaien eta bidaiarien garraioan- hemen sartuko lirateke taxiak eta VTCak-eta nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzarako laguntzak”. Ildo beretik gaineratu da Euskal Taldeak Espainiako gobernuari eskatu diola “Segurantza Sozialaren kuota geroratzea, langile autonomoentzat eta enpresari txikientzat funtsezko kontu bat den aldetik”. Neurrietako batzuk baino ez dira, langile autonomoentzat eta enpresentzat aurreikusten diren laguntza zuzenez eta zerga-neurriez gain eta Euskal Taldeak Kongresuan erregistratu duen Lege Proposamenean jasotzen direnei gehitzen zaizkienak. Talde jeltzaleak Lege Proposamenean azaltzen du enpresa batzuentzat Ekialdeko gerrak ekarri dituen zailtasunei gehitu behar zaizkiela AEBk ezarritako muga zergak ekarri dituenak. “Espainiako gobernuari eskatzen diogu gure eskariak aintzat har ditzala eta entzun ditzala, bai eta Lehendakariak berak helarazi dizkionak ere, ulergarri bezain beharrezko jotzen baititugu, eta pentsa dezala une hau ez dela kalkulu politikoetarako momentua. Guztiok ekinean jartzeko eta elkarren artean adosteko momentua da”, amaitu du Vaquerok.

Euskal Taldeak Espainiako gobernuari aurkeztu dion proposamenean jasotzen diren neurriak ondorengo estekatik jaitsi daitezke:

Proposamena

PARTEKATU