EAJ-PNVko eurodiputatu eta Europako Parlamentuan garraio azpiegituren finantzaketarako mekanismoari buruzko agiriaren lanketan ari den txostengileak gaur, ostegunarekin, Europako agintariei erreklamatu die Europako trenbide sarea blindatzeko dauden tresna guztiak baliatzea. “Trenbideetako segurtasunak lehentasun absolutu izan behar du. Kontratazio publikoak, digitalizazioak eta berrikuntza teknologikoak eskura jartzen dizkiguten tresna guztiak baliatu beharko genituzke. Argi eta garbi dago ezin izango dugula gertatutakoa aldatu, baina Tempi eta Adamuzeko ezbeharrek bai lagundu behar digute Europa Konektatu mekanismo berriak behar besteko baliabideak izan ditzan eta inflexio puntua izan dadin Europako trenbide sarea seguruagoa izan dadin”, ohartarazi du Oihane Agirregoitiak.
Iragan urtarrilean Adamuzen eta duela hiru urte Tempin (Grezian) gertatutako istripuen ondoren eta haien kariaz Europako Parlamentuan trenbide sareko segurtasuna hobetzearen inguruan egin den osoko bilkuran, Oihane Agirregoitiak berriz esan du konponbideak eman behar direla eta fokua segurtasunean jarri behar dela halako ezbeharrak berriro gerta ez daitezen. “Gu ez gaude hemen Adamuz eta Tempiko tren istripuek eragindako minari sufrimendu gehigarria gehitzeko. Biktimei, haien senide eta lagunei zor zaien errespetuagatik, erantzukizunak auzitegiek argitu beharko dituzte. Hemen egin behar duguna da konponbideak ematen saiatzea, halako ezbeharrak berriro gerta ez daitezen, eta azpiegitura estrategikoak eraikitzen, mantentzen eta modernizatzen direla bermatzea”, esan du.
Tempiko istripuari dagokionez, 2023ko otsailaren 28an gertatu zen. Bidaiarien konboi baten eta merkantziak zeramatzan trenaren arteko talkaren ondorioz 57 pertsona hil ziren Greziako historia osoan geratu zen istripurik larrienean. Adamuzen gertatutakoari dagokionez, iragan urtarrilaren 18an gertatu zen eta 46 pertsona hil ziren tren bat errailetik ateratzean eta ondorioz konboi baten kontra talka egitean.
“Akatsak azpiegituretan, seinaletikan eta gainbegiratzeko lanean badira, horrek ondorio izugarriak izan ditzake, Tempi eta Adamuzen ikusi dugun bezala. EBk bermatu egin behar du trenbideetako segurtasunari buruzko Europako legeria osorik aplikatzen dela eta, horri lotuta, segurtasunerako sistema modernoak ezartzeko lanak bizkortu behar dira. Are gehiago orain, tren bidezko garraioaren eta abiadura handiaren aldeko apustu garbia egiten ari garenean”, esan du. Horregatik, elkarlanerako eta lan bateraturako deia egin du. “Hala egin ahal izateko, are elkarlan estuagoa beharko dugu, bai eta konpromiso argia ere Estatu kideen azpiegituren kudeatzaileen eta arautzaileen artean, trenbide azpiegitura estrategikoak Europar Batasun osoan segurtasun estandar altu eta homogeneoekin gauzatzen direla bermatzeko”.
Gaurko bileran hitza hartzeko izan duen tartean, Agirregoitiak era berean gogoratu du trena dela “mugikortasun iraunkorrerako oinarria”, eta azpimarratu du Europako konektibitateak asmo handiko erantzuna merezi duela funtsezkoa delako “berrikuntza eta autonomia estrategikoa” finkatzeko. “Kontratazio publikoak, digitalizazioak eta berrikuntza teknologikoak eskura jartzen dizkigun tresna guztiak baliatu behar ditugu. Esparru hau Europako lehiakortasunerako aukera izan daiteke. Argi dago ezin izango dugula gertatutakoa aldatu, baina Tempi eta Adamuzen gertatutakoak inflexio puntu izan beharko luke Europa Konektatu Mekanismoak behar besteko errekurtsoak izan ditzan”.
Apostolos Tzitzikostas garraio komisarioak bere aldetik iragarri du Europar Batzordea dagoeneko lanean ari dela trenbideetako segurtasuna hobetzeko proposamenetan. Urte honetako bigarren seihilekorako iragarri dituen proposamenen artean dago Europar Batasuneko Trenbide Agentziaren funtzionamendua berrikustea, segurtasun arloko erantzukizunen banaketaren gainbegiratzea hobetzeko. Horri lotuta lantzen ari dira diren segurtasunerako metodologia komunei buruzko araudi bat.