EAJ-PNVK ekitaldi jendetsu batean aldarrikatu du emakumeen "indar infinitua"

Alderdi jeltzaleak mahai inguru bat egin du gaur Sabin Etxean Jone Berriozabal ABBren presidentearekin, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin, Maribel Vaquero Kongresuko bozeramailearekin, Ibone Bengoetxea lehendakariordearekin, Esther Apraiz EUDELeko presidentearekin eta Iraia Pinedo EGIren idazkari nagusiarekin. Moderatzaile lanak egin ditu EBBan Berdintasuna daraman burukide Miren Martiarenak
07 Martxoa | EBB

EAJ-PNVk emakumeen “indar infinitua” aldarrikatu du gaur Bilbon egin duen ekitaldi jendetsuan. Martxoaren 8aren bezperan, 1975etik aurrera Nazio Batuen Erakundearen erabakiz Emakumearen Nazioarteko Eguna denaren atarian, EAJ-PNVk berresten du “berdintasuna gure Herriaren oinarri nagusi izango duen Euskadiren eraikuntzarekin hartuta daukagun konpromisoa”.

Gaurko jardunaldia hasteko, familia argazkia egin da eta, ondoren, Sabin Etxean mahai ingurua egin dute Euskadiko politika alorrean erantzukizun- eta erabaki-karguak dituzten emakumeekin. Bertan izan dira Jone Berriozabal ABBren presidentea, Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Maribel Vaquero Kongresuko bozeramailea, Ibone Bengoetxea lehendakariordea, EUDELeko presidente Esther Apraiz eta Iraia Pinedo EGIko idazkari nagusia. Moderatzaile gisa jardun du Berdintasun burukide Miren Martiarenak. Gaurko bileran hizpide izan dute emakumeen egoera politikan eta beste esparrutan, eta Sabin Etxea bete duten 200etik gora emakumeekin partekatu dituzte beren bizipenak, gaurko gizartea oraindik berdintasun osora iritsi ez dela nabarmenduz.

Ekitaldia amaitzeko irakurri da Euzkadi Buru Batzarrak 2026ko martxoaren 8a den Emakumeen Nazioarteko Egunaren kariaz adostu duen adierazpena:

IDAR INFINITUA DUGU

Gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Euzkadi Buru Batzarrak bat egiten du mundu osoan egiten den borroka-, aldarrikapen- eta harrotasun-adierazpenarekin. 2026. urte honetan irmo berretsi nahi dugu berdintasuna gure Herriaren oinarri nagusi izango duen Euskadiren eraikuntzarekin hartuta daukagun konpromisoa.

EAJ-PNVren aldetik ñabardura propioa egin nahi dugu, gure historia eta euskaldun garen aldetik etorkizunera begira dugun anbizioa definitzen duena. “Indar infinitua dugu”. Eta, “indar infinitu” hori da, hain zuzen, Euskadiko andreek mendeetan zehar erakutsi dutena. Indar infinitua da Herri honek bizi izan dituen garairik ilunenetan gure nortasunari eutsi zioten emakumeen indarra, gaur industriaren abangoardian lider diren emakume profesionalena eta gure komunitatearen ongizatea zutik mantentzen duten emakume zaintzaileena. Hala eta guztiz ere, indar hau ezin da bidegabekeriatik babesteko ezkutua izan, baizik eta erabateko izan beharko duen transformaziorako eragile.

Gure gizartearen mugak zabaldu behar ditugu emakumeek, inolako eragozpenik gabe, dagokien tokia har dezaten esparru guztietan. Horregatik, gaur, zuoi hitz egin nahi dizuegu, Euskadiko gazteoi zuzen-zuzenean. Eskubideetan aurrerapausorik handienak eman dituen gizartean bizi den belaunaldia zarete. Baina, aldi berean, desparekotasun egoera berri eta sotilei egin behar diezue aurre. Zuek ere bazarete 2030 eta 2040ko Euskadi lideratu beharko duen belaunaldia.

Hona hemen, beraz, egiten dizuegun deia:

Emakume gazteei, politikan, zientzian eta kulturan edo zuen aukerako edozein tokitan dagokizuen lekua har dezazuen. Zuen lidergoa ezinbestekoa da gure aberriak aurrera egin dezan.

Gizon gazteei, eraldaketa honetan eragile aktibo izan zaitezten. Berdintasuna ez da “emakumeen kontu bat” baizik eta denok partekatzen dugun erantzukizuna, pribilegioak auzitan jartzea eta zainketen erantzukidetasuna berdintasunez asumitzea eskatzen digulako.

Euskal gazteria beti izan da gure askatasunen abangoardia. Gaur eskatu nahi dizuegu energia hori izan dadila indarkeria matxista desagerrarazteko eta elkarrenganako errespetuan oinarri izango duen elkarbizitza eraikitzeko eragilea. Herrigintza ez baita izango emakumeen parte hartze eta ahalduntzerik gabe.

Euzkadi Buru Batzarretik eskatzen dizuegu atzerako urrats bakar bat ere eman ez dezazuela. Kezka handiz ikusten dugu aspaldi honetan berriro piztu direla indarkeria matxista arintasunez hartzeko edo berdintasun politiken beharra auzitan jartzen duten diskurtsoak. Atzera egiteko ahalegin horien aurrean, kritiko izateko eta inola ez konformatzeko eskatzen dizuegu. Gazteria adoretsua behar dugu, besterik gabe dagoenarekin konforme geratuko ez dena, arrauna hartu eta herrigintzari ekingo diona, Herri bat, non talentuak generorik izango ez duen.

Adierazpen hau ezin da erretorika hutsa izan, ibilbide orri bat da. Ekitaldi honetarako, beraz, EAJ-PNVk ondorengo konpromisoak hartu ditu:

1. Orain arteko aurrerapausoak blindatzea, berdintasun estrategien aplikazioa indartuz, politika publiko bakoitzak genero ikuspegia zeharka jasoko duela bermatuz.

2. Lidergo gaztea, gazte politiketan bultzatuko diren neurrien bidez soldaten arrakala lehen enplegutik borrokatuz eta zaintzeko arduretan erantzukidetasuna sustatuz.

3. Espazio seguruak emakumeen kontrako edonolako indarkeria desagerraraziz, eta batez ere inguru digitaletan, non gure Gazteak ahulen egon daitezkeen.

Berdintasuna ez da behin betiko bermatuta dagoen lorpena; egunero zaindu eta konkistatu behar den espazioa da. Alderdiok, erakundeek eta hiritargoak- eta oso bereziki herritar gazteenek — gure indar infinitua batzen badugu, ez da gorroto diskurtsorik izango Euskadin justizia sozialerako egin behar dugun aurrerapena geldituko duenik.

Gaur, bihar eta egunero, eman lekua berdintasunari. Berdinzalea ez den herria ezin delako erabat aske izan.

PARTEKATU