EAJ-PNVk eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean erregistratu dute Gazteriaren 2/2022 Legea aldatzeko lege proposamen bat, haurren eta gazteen aisialdiko jardueretan adingabeen babesa indartzeko eta administrazio kontrolerako mekanismoak handitzeko.
Aldatutako lege-testuaren neurri nagusien artean, honako hau nabarmentzen da: aldez aurreko komunikazioaren ordez, adingabeek parte hartzen duten aisialdiko jarduerak hasi aurretik erantzukizunpeko adierazpena egitea. Dokumentu hori Eusko Jaurlaritzako Gazteriari aurkeztu beharko zaio, edo jarduera egingo den lurralde historikoko foru-aldundiari. Horrela, erakunde antolatzaileek hasiera-hasieratik hartuko dute beren gain legezko baldintza guztiak betetzeko erantzukizuna.
Era berean, erreformak argi eta garbi indartzen ditu bermeak sexu-delituen aurrean, eta ziurtagiri negatiboa egiaztatzeko betebeharra ezartzen du adingabeekin ohiko harremana duten langile guztientzat. Dokumentu hori, gainera, urtero berritu beharko da.
Lege-proposamenak hobekuntzak sartzen ditu gazteentzako zerbitzu eta ekipamenduen onarpen ofizialean, berariazko administrazio-ebazpena izan beharko baitute, eta arau-hausteen araubidea argitzen du, zerbitzuak ematean segurtasuna, erantzukizuna eta kalitatea indartzeko.
Era berean, irregulartasun posibleen aurreko zehapenen araubidea berrikusi eta gogortu da, arau-hauste larri edo oso larri berriak barne. Zigortu egingo da –edo gogorrago zigortuko da– erantzukizun zibileko asegururik eta sexu-delituen ziurtagiri negatiborik ez izatea, instalazio eta ekipamenduetan segurtasun-neurririk ez izatea, arrazakeria, xenofobia, indarkeria matxista edo edozein motatako indarkeria sustatzen duten jarduerak egitea...
EAJ-PNVk eta PSE-EEk presazko eta irakurketa bakarreko prozeduraren bidez izapidetzea eskatu dute, erreforma teknikoa delako, mugatua eta haurren eta nerabeen eskubideak berehala babestera bideratua, eta horrek ez dakarrelako gazte-politiken eredu orokorra aldatzea.