Euzkadi Buru Batzarrean kanpo harreman, berdintasun, gazteria gaietarako eta Helduak erakundearen burukide arduradun Miren Martiarena eta EAJ-PNVko eurodiputatu Oihane Agirregoitia gaur, ostegunarekin, Bilbon batzartu dira Buenos Aires probintzian Emakume eta Aniztasun gaiak daramatzan ministro Estela Elvira Diezekin eta Bakea eta Elkartasuna Euskadi gobernuz kanpoko erakundearen ordezkari Beatriz Plazarekin. Alderdi bietatik balioetsi dute Euskadi eta Argentinaren arteko harreman historikoa eta sendotzeko ahaleginak egiteko prest agertu dira.
Topaketan jorratu dituzte, besteak beste, Javier Mileiren Gobernuaren genero berdintasun politikak eta giza eskubideekiko errespetua, eta desagertutako pertsonak eta harreman familiarrak identifikatzeko datu genetikoen bankuaren eta memoria historikoaren garrantzia. Era berean, hizpide izan dute datorren urteko efemeridea, Argentinako azken kolpe militarraren 50. urteurrena beteko dela gogoan izanik.
Bilera berean aztertu dute Europar Batasunaren eta Mercosurren (Argentina, Brasil, Paraguay eta Uruguay) arteko akordioa berresteko prozesua, zeina iragan irailean Europar Batzordeak Europar Kontseiluari eta Parlamentuari aurkeztu baitzien, bai eta akordioaren edukiaren inguruan zaindu beharreko gardentasuna ere, gai honen inguruan egon daitezkeen zalantzak argitzera begira.