EAJ-PNVk LEPetan euskara blindatzeko eta horien segurtasun juridikoa bermatzeko proposatzen duen lege-aldaketa izapidetzen hasi da

Eusko Legebiltzarrak oniritzia eman dio Enplegu Publikoaren Legea aldatzeari eta euskaldunen eskubideak bermatzeari, LEPak administrazio bakoitzaren errealitateetara egokituz
EAJ-PNVk LEPetan euskara blindatzeko eta horien segurtasun juridikoa bermatzeko proposatzen duen lege-aldaketa izapidetzen hasi da
02 Urria | Eusko Legebiltzarra

Eusko Legebiltzarrak gaur goizean onartu du EAJ-PNVk bultzatutako Lege Proposamena aintzat hartzea, Euskadiko hautaketa-prozesu publikoetan euskara blindatzeko eta segurtasun juridiko handiagoa emateko. Ekimenak Lan Eskaintza Publikoen hizkuntza eskakizunak erakunde bakoitzaren errealitatera egokitzea planteatzen du, proportzionaltasun irizpideekin eta administrazioan euskararen erabilera normalizatuz. Azken hilabeteetako euskararen biziberritze prozesuaren aurkako epai judizialek sortu duten kezka egoerari aurre egin nahi dio araudi aldaketak.

“LEPei segurtasun juridikoa eskaintzen dien eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen dituen planteamendu bat egin dugu. Orain, Eusko Legebiltzarrean ahalik eta adostasun handiena lortzeko lan egin behar dugu, eztabaida eta estrategia alderdikoietan erori gabe eta garrantzitsuena alde batera utzi gabe: euskarak bultzada bat behar duela, jauzi bat.”, azaldu du bere hitzaldian Markel Olano legebiltzarkide eta EBBko Euskara arduradunak.

EAJ-PNVk araudi aldaketa bat sustatzen du, LEPak gorabehera judizialik gabe garatuko direla eta hizkuntza eskubideen errespetua blindatuko duela bermatzeko. Talde parlamentario jeltzaleak planteatutako proposamen juridikoak Euskal Enplegu Publikoaren Legearen 187. artikuluari atal berri bat gehitzea planteatzen du.

Praktikan, euskal administrazio publiko bakoitzak azterketa zorrotz eta justifikatua egitea eskatuko da, proportzionaltasun-irizpideetan eta erakundean hizkuntza ofizialak erabiltzeko beharretan oinarrituta, LEPak ateratzerakoan hizkuntza-eskakizunak eta horien derrigortasun-datak finkatze aldera. Eta, bestalde, “nahitaez bete beharreko indizeei buruzko zehaztapen orokorren” aplikazioa ezabatuko da, orain arte egiten zen bezala, hori izan baita epai judizialen tirabira eta baliogabetze puntu nagusia.

Zehazki, honako puntu hau gehitu behar zaio Legeari:

11. Euskal administrazio publikoetako erakunde bakoitzean, euskararen normalizazioari eta erabilerari buruzko plangintzarako aldi baterako tresna onartzean, eta horren barruan ezarri beharreko helburuak, neurriak eta bitartekoak ezartzean, zorroztasun osoz zehaztu beharko da hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data ezarrita duten plazen ehunekoa. Erakunde bakoitzak egiten duen zehaztapena proportzionaltasun-irizpideen arabera justifikatu beharko da, erakundearen hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak kontuan hartuta. Ez da aplikatuko nahitaez bete beharreko indizeen zehaztapen orokorrik.

Enplegu publikora sartzeko deialdiek, bai eta lanpostuak betetzeko, mugitzeko eta barne-sustapeneko prozesu guztiek kontuan hartu eta aplikatuko dute Administrazio publikoan euskararen normalizazioari eta erabilerari buruzko araubide juridikoa, lege honetan ezarritakoaren arabera.

Orain izapidetzen ari den proposamenak, gainera, berme juridiko handiena du, eta legelari adituek urte hasieratik landu dute.

PARTEKATU