Itzalaldiarekin "ez espekulatzeko" eskatuz lasaitasunez jarduteko deia egin du Aitor Estebanek: "Zer gertatu zen jakin arte itxaron behar da, eta, ondoren, urratsak eman, berriro gerta ez dadin"

TVEn egin zaion elkarrizketa batean, EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak aitortu du “arrazoi posiblerik baztertzen ez duela” asteleheneko potentzia-galeraren jatorriari dagokionez. Bere hitzetan "ezin da inor seinalatu datu gehiago dituztenek gertakari larri hau argitu arte"
30 Apirila | EBB

Aitor Estebanek, EAJren EBBko presidenteak, gaur hitz egin du lehen aldiz asteleheneko itzalaldi masiboaren inguruan. TVEn egin dioten elkarrizketa batean, Estebanek lasai egoteko deia egin du, eta "espekulaziorik ez" egiteko eskatu du. "Gertakariaren arrazoiak argitu arte itxaron behar da. Argi dago gertatu dena oso larria izan zela. Bien bitartean, ezin da inor seinalatu, eta ez da inor seinalatu behar. Nik ez nuke arrazoi posiblerik baztertuko. Gutxiago dakigunon artean espekulatzeari utzi behar diogu, eta datu gehiago dituztenei argitzen utzi", esan du.

Alderdi politiko batzuk eskatzen ari diren erantzukizunei buruz galdetu diotenean, Estebanek azpimarratu du hauxe ez dela inor seinalatzeko unea. "Orain Espainiako Gobernua edo enpresa elektrikoak aipatzeak ez du zentzurik, guztiz desegokia da". Ildo horretan, eta "garai azkarretan eta zailetan" gaudela jakitun, "politikatik animoak baretzen saiatu behar dugu", ziurtatu du. Hain zuzen ere, Diputatuen Kongresuan itzalaldiaren inguruan Ikerketa Batzorde bat sortzea eskatuz Alderdi Popularrak egin duen proposamena kritikatu du."Erantzukizun politikoak argitu aurretik, teknikoki zer gertatu den jakin beharko da. Gehiegizko presa daukate, eta alderdi politikoek halako joera dute egoerak beren probetxurako erabiltzeko, iritzi publikoa baldintzatuko dutelakoan; baina gai hori hain da larria eta garrantzitsua, herritarrei hain larriki eragiten die, ezen ez baitago espekulatzeko motiborik. Lasai egon behar dugu eta teknikoki ikertu zer gertatu den", berretsi du.

Azkenik, eta EAJ-PNVk zentral nuklear berriak eraikitzea "beharrezkoa ez" dela esan ostean, Estebanek gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak hilabeteak daramatzala Espainiako Gobernuari energia-politikaz galdetzen, industriaren deskarbonizazioari heltzeko "funtsezko kontua" dela iritzita. Hala ere, EBBko presidenteak “bai deitoratu du sarea ez dagoela prestatuta hornikuntza hori eskaintzeko, eta sektore elektrikoaren Legea ez dela egokia"

PARTEKATU