Garraio komisarioak EAJ-PNVko eurodiputatuari hitzeman dio Espainiarekin eta Frantziarekin jarriko dela harremanetan Atlantikoko korridoreaz hitz egiteko

Gaur bertan, asteazkenarekin, Europako Parlamentuko osokoan Europako garraio azpiegituren garrantziaz egin den eztabaidan, guztiz lehenetsi beharreko jo du 2030ra begira osatzea Europa zeharkatzeko sarearen bide zati estrategikoak
Garraio komisarioak EAJ-PNVko eurodiputatuari hitzeman dio Espainiarekin eta Frantziarekin jarriko dela harremanetan Atlantikoko korridoreaz hitz egiteko
03 Apirila | Europako Legebiltzarra

Europako garraio komisarioak, Apostolos Tzitzikostasek, gaur, asteazkenarekin, hitzeman du Espainia eta Frantziako agintariekin harremanetan jarriko dela Atlantikoko korridorea osatzeko moduaz hitz egiteko, ezinbesteko jotzen baitu Europan egun dauden botila lepoekin amaitzeko, funtsezkoa izateaz gain merkatu batuak funtziona dezan.

“Gure agendan bultzatu behar dugu hemendik eta 2030era bitartean Europako sareen zatirik estrategikoenak osatzea. Eta horren adibide argia Espainian dugu, Atlantikoko eta Mediterraneoko korridoreekin, barruko merkatuak funtzionatzea lortu behar dugulako. Beraz, bai, herrialde biekin konprometituko naiz, Espainiarekin zein Frantziarekin, herrialde biak konektatzeko eta botila lepo honekin amaitzeko. Guztiz ezinbestekoa da “esan du EAJ-PNVko eurodiputatu Oihane Agirregoitiari egin dizkion galderei erantzunez”.

Eztabaidan zehar, Agirregoitiak “onartezin” jo du korridorearen garapenean ematen ari den atzerakada, horregatik eta “Euskadi eta Akitania Berria Euroerregioa elkarrengandik deskonektatuta daudelako gaur egun garraiorik jasangarriena den horretatik”. “Ez dago eskubiderik euskal hiriburuak euren artean eta Europarekin deskonektatuta jarraitzeko. Zer gertatzen da Hendaia-Dax konexioarekin?”, galdetu du.

Halaber, eurodiputatu jeltzaleak Europar Batzordeari erreklamatu dio eskura dituen tresna guztiak erabil ditzan Estatu biak presionatzeko egin behar diren inbertsioak egin ditzaten. “Abiadura handiko trenaren bidezko konektibitatea tresna estrategiko nagusia da jarduera ekonomikoari eusteko eta jarduera ekonomikoa sortzeko, zein pertsonen mugikortasunerako. Beste behin ere eskatzen dizuegu Espainiari eta Frantziari exijitzea Euroganbera honek duela urte gehiegi onetsi zituen konpromisoak bete ditzatela, oso garrantzitsua delako bolo bolo darabilgun europar konektibitate horretarako”, nabarmendu du.

PARTEKATU