Euskal Taldeak Kongresuan deitoratu du gaurko osoko bilkuran LagunAroren pentsio-eredu mistoaren aitorpena jasotzen zuen lege-dekretua bertan behera utzi dutela ,zeina EAJ-PNVrekin izenpetu zen inbestidura-akordioak jasotzen baitzuen, Idoia Sagastizabal ekonomia arloko diputatu jeltzaleak gogorarazi duenez. Indargabetuta geratu den arauak honako hauek ere jasotzen zituen: pentsioen balioa handitzea, garraiorako laguntzak, errelebo-kontratuari 2029ra arte eustea plantillak gaztetzea eta gazteak prestatzea errazteko, eta industria-enpresa elektrointentsiboetarako bidesariak murriztea. Nolanahi ere, Euskal Taldeak uste du gai garrantzitsu horiek lehenbailehen egongo direla indarrean berriz ere.
Pariseko Marceau etorbideko eraikina EAJ-PNVri itzultzeari dagokionez, Aitor Esteban Euskal Taldeko bozeramaileak adierazi du alderdi juridikotik zein politikotik "oso lasai" dagoela, transmisioa jada legean jasota dagoelako, eta jada osatu den egintza delako: lege-dekretu bat ez baliozkotzeak ondorioak berehala etetea eta indargabetzea baitakar, baina ez indarrean dagoen bitartean sortutako ondorioak baliogabetzea. Ildo beretik, EAJ-PNVk ospatu du, oinarririk ez duten erresistentziak gorabehera, azkenean justizia egitea eta Gestapok konfiskatutako eta ondoren frankistek okupatutako Marceau etorbideko eraikina bere legezko jabearen eskuetara itzultzea.