"Euskadiren ahotsa Europan entzuten jarraitzeko, igandean EAJri eman behar zaio botoa", azpimarratu du Aitana Agirrek

Kanpainaren azken egunean, Aitana Agirre hautagai jeltzaleak Eusko Alderdi Jeltzalearengan konfiantza berriro jartzeko eskatu die euskal herritarrei. "Azken ahalegina behar dugu, asko baitugu jokoan", azpimarratu du
07 Ekaina | Europako Legebiltzarra

Bere hitzaldian, Aitana Agirrek azaldu du "EAJ dela Euskadi Europan defendatzeko proposamen zehatzak aurkezten dituen alderdi bakarra; inplikatutako sektoreekin kontrastatutako proposamen errealistak". Eta gogorarazi du programa jeltzaleak 160 neurri biltzen dituela "gure baserritar eta arrantzaleentzat, gure industriarentzat, gure gizarte ereduarentzat, gure gazteriarentzat, gure kulturarentzat edo euskararentzat".

Aitana Agirrek Euzko Alderdi Jeltzalearen "koherentzia" nabarmendu du bere ibilbide europazale luzean. "Gure printzipioekin leialak gara eta ez ditugu komenientzien arabera aldatzen; beti defendatu ditugu bakea eta giza eskubideak; beti defendatu dugu Euskadi", nabarmendu du.

"Europan hamarkada askotan egin dugun lana herri honekiko dugun konpromisoaren adibide garbia da", adierazi du. "Eta lan horren ondorioz, euskal gizarte-ongizatearen eredua, gure berrindustrializazio-prozesua edo gure kooperatibak Europar Batasunean aintzatetsi eta balioetsi dira", gaineratu du.

“Europan gure ahotsa errespetatzen bada PNVk bertan egindako lan gogor eta onarengatik da”, azaldu du; “eta hori egiten jarraituko dugu datozen bost urteetan: Euskadiren alde lan egiten, euskaldunen alde”

“Europan entzunak izaten jarraitzeko, beharrezkoa da igandean jendea bozkatzera joatea eta EAJk ordezkaritza lortzea Europar Batasuneko Parlamentuan”, bukatu du.

Bestalde, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak bozkatzeak dakarren “konpromiso demokratikoa” azpimarratu du: Eskubide eta aurrerapen demokratikoak jokoan egon daitezkeela ohartarazi ondoren, “erabaki prozesuak bermatuko dituen Europa indartsuago, hobe, bidezkoago baten” alde egin du.

"Demokraziak parte hartzea eskatzen du", ziurtatu du. Eta parte hartzeko eta bozkatzeko orduan, Egibarrek EAJ-PNVren ibilbidea eskaini du etorkizunerako berme gisa, baita Europan ere. "80 urte baino gehiagoko ibilbidea eskaintzen dugu, non EAJk Europaren perspektiba eta ikuspegia izan duen, zortzi hamarkada baino gehiago non jakin dugun zer pauso eman behar ziren". "Bide horri jarraitu ahal izateko ezinbestekoa da EAJ-PNVri botoa ematea", amaitu du.


 

PARTEKATU