Euskal Taldeak Katalunian normalizazio instituzional, politiko eta sozialerako Amnistiari buruzko Lege Organikoaren Proposamenaren alde bozkatu du gaur. Kataluniako normalizazio politikoa ahalbidetu eta "ziklo politiko traumatiko bat ixtea ekarriko duen" arauaren behin betiko onarpena ospatu du alderdi jeltzaleak. Legegintza-testua onartu ahal izan da Senatuaren betoa kendu ondoren.
Mikel Legarda diputatu jeltzaleak adierazi du gai hori "elkarrizketatik eta legezkotasun printzipiotik" jorratu behar dela, "baina baita herritarren onespenetik ere, demokrazia liberal batean bata ez baita bestea gabe ulertzen". Gainera, Legardak azaldu du ekimen politiko horren kontra egon daitekeela "bere izaera politikoagatik, edo desegokitzat edo deseraginkortzat jo daitekeelako, baina ez Zuzenbide Estatua, botereen banaketa eta oinarrizko eskubideak arriskuan jartzeagatik".
"Krisi konstituzionala gertatu zen erabakitzeko eskubidea egikaritzeko moduaren inguruan, Katalunia eta Euskadiko auziei Konstituzioak behar bezalako soluzioa ematen ez dielako, Estatukoaz aparteko nazio sentimendu indartsuak izateaz gain autogobernu nahi historikoak ditugulako”, gaineratu du diputatu jeltzaleak. Amaitzeko, Legardak azpimarratu du Euskal Taldeak egoera honetan ulertzen duela “sasoia iritsi dela Estatuak deskribatutako egoerari beste ikuspuntu batekin hel diezaion,penala eta ordena publikoarena ez den beste ikuspuntu batekin, hain zuzen".