“Gaur, irratia entzutean, harro baino harroago sentitu naiz gure jendearekin. Diputatuen Kongresuarekin konektatu dute. Sánchez eta Feijóoren arteko betiko ika mika amaituta zegoen, bata lokatzaz hitz eginez eta bestea presidentearen emazteaz… Eta, bat batean Aitor Estebanen txanda, astero tokatzen zaigun galdera planteatuz, eta Euskadiko linea elektrikoen gaitasunaz hitz egiten hasi da, hobeto esanda, gure Herrira, gure industriara eta gure etxeetara energia berde nahikoa ekartzeko gaitasunik ezaz. Ikuskizun bihurtu den politikaren, ezertarako balio ez duen espektakuluaren eta jendearengan pentsatzen duen benetako politikagintzaren arteko talka itzela izan da. Eurak lokatzetan sartuta, elkarri korrupzioa egotziz; gu jendearen arazoak konpontzera. Hori da ezberdintasuna”.
Ordu batzuk lehenago Diputatuen Kongresuan eman den gertaerarekin azaldu du Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, EAJk Euskadin, Madrilen eta Bruselan egiten duen “politika erreala, jateko gauzetara bideratua”, beste aukera politiko batzuek erabiltzen duten “lokatzaren, irainaren eta ikuskizunaren” antitesia. Ortuzarrek Amurrion egin duen ekitaldi politikoan hitz egin dute gaur Oihane Agirregoitia EAJ-PNVren eta CEUS Koalizioaren zerrendaburuak eta Rakel Molina Arabako hautagaiak. Agirregoitiak berariaz dei egin nahi izan die botoa postaz emateko ideia duten guztiei, bihar baita posta bidezko botoa eskatzeko azken eguna. “Asko baitugu jokoan” ekainaren 9an; “kanpoan bazaude, eman botoa postaz. Egun horretarako plana baduzu, bozkatu postaz, baina bozkatu”, eskatu die hautagaiak. Molinak, bestalde, EAJ-PNVk garapen iraunkorraren eta klima-aldaketaren aldeko borrokaren alde daukan konpromisoan oinarritu du bere hitzaldia.
“Bai, ezberdinak gara. Guk bestela ulertzen dugu politika, bestela egiten dugu”, aldarrikatu du Ortuzarrek. “Mesetakoekin alderatuta, politika bestela egiteko eta ulertzeko modua dugu. Eta egunero ikusten da. Europako Parlamentuan erakutsi dugu urte hauetan guztietan. Izaskun Bilbao Barandica izan da euskal ahots bakarra. EAJ eredua da hori. Eta hemendik aurrera, Oihanek jarraituko dituen eredua eta bidea”, esan du. EAJ-PNVk praktikatzen duen politika probetxugarri eta hurbilaren adibide gisa, botoi bi: Amurrioko tren geltokiko nasen konexioa, errealitate dena dagoeneko, eta Luiandoko geltokia berritzeko lanak, kontratua esleituta dago dagoeneko talde jeltzaleak Estatuko Aurrekontu orokorrei aurkeztutako zuzenketari esker. Gertaera horien aurrean, Ortuzar oso kritiko agertu da Javier Zarzalejos Alderdi Popularreko hautagaiaren hitz-jarioarekin, Abiadura Handiko Trena EAJren erruz egin ez dela esatera etorri baitzen atzo Euskadira. “Aurpegi gogorra izan behar da halako adierazpena egiteko”, esan du buru abertzaleak. “AHT Estatuko Gobernuaren eskuduntza da. Nor egon da gobernu horren burutzan? 14 urte eta erdi PP, 13 urte eta erdi PSOE. Beraz, luzaroen PPren erantzukizuna izan da. Eta Zarzalejos Aznarren eskuineko eskua izan zen, Gobernu guztietatik AHT Euskadira irits zedin gutxien egin zuena. Euskal herritarren boto bakar bat ere ez dute merezi”, esan du Ortuzarrek. “Gaur daukaguna eta hurrengo urteotan izango duguna, atzerapenak atzerapen, EAJren irmotasun eta nekaezintasunari esker izango da. Berandu, baina EAJri esker Abiadura Handiko Trena izango da Euskadin, Europarekin konektatzeko”, amaitu du.
Europako Hauteskundeek gure eguneroko bizimoduan duten garrantzia azaldu ondoren, Agirregoitiak berariaz dei egin nahi izan die botoa postaz emateko ideia duten guztiei, eta gogoratu die bihar, maiatzak 30, izango dela posta bidezko botoa eskatzeko azken eguna. “Euskal herritarrei hauteskunde hauetan parte hartzeko eskatzen diet; asko baitugu jokoan. Kanpoan bazaude, eman botoa postaz. Egun horretarako plana baduzu, bozkatu postaz, baina bozkatu. Euskadiren eta Europaren alde, zuen konfiantza eskatzen dizuet. Gure aurrekoen alde, populismoak geldiarazteko. Europa indartsu eta batu bat eraikitzen jarraitzeko; Europa eraginkor, hurbil eta anitza. Gurekin konta dezakezue. Zuen ahotsa izango gara Bruselan!”, ziurtatu du. Europako Hauteskundeetan EAJ-PNVko zerrendaburuak irmotasunez defendatu ditu euskal industria eta zerbitzu aurreratuen sarea, eta adierazi duenez “EAJ-PNVn ez gara egindakoarekin konforme geratzen, herri hau eraikitzen jarraitu nahi dugulako” eta, beraz, “berrindustrializazioaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu”. “Europako ekonomia eraldatzeko eta bultzatzeko lan egingo dugu. Ekonomia zirkularraren paradigmetan oinarrituta, deskarbonizazioa eta digitalizazioa aprobetxatuko ditugu, baita oinarri teknologikoa duten sektore ekonomiko berrien potentziala ere”, azaldu du Oihane Agirregoitiak.
Rakel Molina Arabako hautagaiak EAJ-PNVk garapen iraunkorrarekin eta klima-aldaketaren aldeko borrokarekin duen konpromiso irmoaren inguruan hitz egin du. “Europa berdea eta digitala da gure erronkarik handienetako bat. Hori lortzeko, trantsizio energetiko integratzaile baten alde egin behar da, ingurumena eta herritarrak errespetatuko dituena. Trantsizio hori gure planetarekin harmonian egin behar da. Karbono isuriak murriztera bideratutako politiken bidez, energia berriztagarrien aldeko apustua eginez edo garraio eredu garbiagoak bultzatuz “, adierazi du.
MAIATZAk 29 | Hitzaldia
Oihane Agirregoitia - Ekitaldi politikoa Amurrion
MAIATZAk 29 | Hitzaldia
Rakel Molina - Ekitaldi politkoa Amurrion
MAIATZAk 29 | Hitzaldia
Andoni Ortuzar - Ekitaldi politikoa Amurrion