Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak gaurko bileran Zallako trenbide-pasaguneak kentzeko planaren informazio-azterlana sinatzea onartu izana ospatu du Euskal Taldeak. 2017rako Estatuko Aurrekontu Orokorren negoziaketan lortu zuen akordioa EAJ-PNVk, eta konpromisoak bere horretan jarraitu du orain arte.
“Madrilen aurkeztu genituen alegazioengatik izan ez balitz, Zallako Udalarekiko harreman etengaberik gabe, bere sasoian Juanra Urkijo alkate jeltzalearen lidergopean, ezinezkoa izango zen gaur gauden tokian egotea”, azaldu du Aitor Esteban Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaileak. “Euskadiren ahotsa gara Madrilen eta lanean jarraituko dugu gure herrikideen arazoei konponbidea ematen”, azpimarratu du.
2017 urteaz geroztik aurrekontu guztietan partida bat jaso da, gutxi gora beherakoa, Zallako trenbide-pasaguneak kentzeko lanetarako. Joan den udan, Gobernu zentralak iragarri zuen informazio-azterlan bat egin behar zuela Enkarterriko udalerrian "zabalera metrikoko segurtasuna berrantolatzeko eta hobetzeko", Garraio Ministerioak, Adifek, URAk eta Zallako Udalak 2022an sinatutako protokolotik abiatuta, Asuncion Unibertsitatea - Aranguren linean gehienez ere zazpi trenbide-pasagune eta Santander - Bilbao La Concordia linean bost trenbide-pasagune egin ahal izateko.
Oraingo honetan Adifek “idatzi, onartu eta izapidetu beharko ditu eraikuntza proiektuak eta onetsi den informazio-azterlan horretan jasotzen diren lanak eginarazi beharko ditu”. Aurrekontua, gutxi gora behera, 12.7 milioi eurokoa izango da. URAk ere konfirmatu du protokolo horen arabera, Kadagua ibaiaren uholde arriskuen kontrako defentsa proiektuari eutsiko diola “inguru horretako segurtasuna hobetzen jarraitzeko”.