EAJ-PNVren helburua da Euskadi erreferente izan dadila Industriako Adimen Artifizialaren alorrean

Joseba Díez Antxustegik, apirilaren 21ean talde jeltzaleak Araban aurkeztuko duen zerrendako buruak, gaur adierazi du EAJk lan egingo duela “herri honek presentzia eta eragina izan dezan Europako egungo hodeia zehazteko orduan” eta “bere garapena etikoa izan dadin eta pertsonen eskubideak errespeta ditzan”
25 Martxoa | Araba

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

EAJ-PNVren xedea da Euskadi nazioarteko erreferente izan dadila Industriarako Adimen Artifizialaren esparruan, datu biltegiak sustatuz datuak partekatu eta ustiatzeko orduan enpresek segurtasunez jardun dezaten. Talde jeltzaleak bere lana bideratuko du Euskadik presentzia eta eragina izan dezan Europako egungo hodeia definitzeko orduan, eta bermatuko du Adimen Artifizialaren garapena ikuspegi etikotik egin dadila, pertsonen ongizatean eta gizabanakoen eskubideekiko errespetuan oinarrituta. Joseba Díez Antxustegik, apirilaren 21eko hurrengo hauteskundeetan EAJ-PNVk Araban aurkeztuko duen zerrendako buruak proposamen hauek aurkeztu ditu gaur arratsaldean EHUren Gasteizko kanpusean.

Díez Antxustegik gogora ekarri duenez “berebiziko garrantzia duen momentu batean aurkitzen gara orain” non Adimen Artifizialak “paradigma aldaketa dakarren gure gizartearen alderdi guztietan, ekonomiatik hasita eta etika eta aisia ere barne hartuz”. Testuinguru honetan, Euskadik erronka batzuk izango ditu, hala nola “datuen pribatutasuna, ekitate algoritmikoa eta Adimen Artifizialaren berezko izaera alboratzailea”.

Hala, EAJ-PNVko Arabako zerrendaburuak adierazi du EAJ-PNVren konpromisoa Adimen Artifizialaren garapen etiko eta gizatiarrarekin, eta mahai gainean jarri ditu hainbat neurri zehatz. “Adimen Artifizialaren esparruan Euskadi nazioarteko erreferente izatea nahi dugu, batez ere industriaren sektorera lotua”, esan du. Honek ahalbidetuko digu “Euskadiko garapen ekonomiko eta teknologikoa are gehiago bultzatzea”.

Hala, EAJ-PNVk hitzeman du askotariko kolektiboen gaikuntza bultzatuko duela Adimen Artifizialari dagokionez ( ikertzaile eta teknikariak, baina baita hiritarrak oro har) Adimen Artifizialaren potentziala osorik baliatzeko eta alor horretan eman daitezkeen lan aukerak eskaintzeko; bai eta datu biltegiak sortzeko ere, enpresa industrialek beren datuak segurtasun osoz partekatu eta ustiatu ditzaten.

Ildo beretik proposatu du datu-biltegi publiko baten sorrera babestea, Adimen Artifizial fidagarria eta Euskadiko eta Europako balioetan eta arauetan oinarritua garatu ahal izateko; eta lan egingo dute Euskadik presentzia eta eragina izan dezan Europako egungo hodeiaren definizioan. Era berean, Diez Antxustegik adimen artifizialeko euskal zentroarekin (BAIC) lankidetzan aritu beharra aldarrikatu du, teknologia hori modu etikoan ezarri eta garatu dadin. “Funtsezkoa da Adimen Artifizialaren ikerketa eta garapena giza ongizatean eta pertsonen eskubideen errespetuan oinarritutako ikuspegiarekin egiten direla bermatzea". Izan ere, Adimen Artifizialak "gure bizitzak modu askotan hobetzeko ahalmena du, baina potentzial hori lortzeko, elkarrekin lan egin behar dugu, eta Adimen Artifiziala modu arduratsuan, etikoki eta ekitatez garatu eta erabiliko dela bermatu behar dugu", adierazi du ordezkari jeltzaleak.

PARTEKATU