“Euskadik Europako osasun sistema publikorik onena izatea nahi dugu. Eta lortu egingo dugu”, ziurtatu du Imanol Pradalesek Vitoria-Gasteizen, non aurreratu baitu lehen arreta hobetzera, itxaron zerrendak murriztera, osasun emozionala lehenestera eta azpiegiturak hobetzera bideratutako lehen neurriak.
EAJ-PNVren Lehendakarigaiak nabarmendu nahi izan du Osakidetzako profesionalei dagokien zeregina, osasun sistema osoa hobetzeko ardurari anbizioarekin eta errealismoarekin heltzeko. “Helburu hori lortzeko, ezinbesteko dugu profesionalekin esertzea- beraiek baitira errealitatea hobekien ezagutzen dutenak- eta denon artean Talka Plan bat egitea, oso helburu zehatz bi izango dituena. Batetik, edozein pertsona bere lehen arretako medikuak artatua izan dadin 48 orduko gehieneko epe barruan, eta, bestetik, itxaron zerrendak bi hilabetetik jaistea, 50 eguneko itxaronaldietatik hurbil”, zehaztu du Imanol Pradalesek.
Pradalesek era berean nabarmendu nahi izan du osasun mentalari guztizko lehentasuna eman behar zaiola. “Jabetuta gaude pertsona asko direla estresak, antsietateak eta depresioak jota. EAJ-PNVri dagokionez, euskal gizartearen osasun mentalarekiko konpromisoa berresten dugu, bereziki gazteena. Tresnak eta baliabideak eskaini behar dizkiegu”, ziurtatu du .
Azkenik, Pradalesek iragarri du Vitoria-Gasteizen azpiegitura berri bat jarriko dela abian eta Alde Zaharrean osasun zentro berri bat inauguratuko dela hurrengo legegintzaldian, zeinak 15 milioi euroko inbertsioa eskatuko duen: “Gure osasun sistema publikoaren azpiegiturak hobetzea ezinbestekoa da ahalik eta zerbitzurik onena emateko, Europan erreferente izango den osasun sistema publikoa izan gaitezen. Aurten 277 milioi euro jarriko ditugu Euskadiko ospitalerik handienetako hiru handitzeko eta hobetzeko: Donostia, Basurto eta Usansolo-Galdakaokoa, iaz Txagorritxukoa egin ondoren. Eta, Vitoria-Gasteizen 104 milioi euro inbertitu ditugu Txagorritxuko Ospitalea handitzeko. Inbertsio horrez gain 86 milioi jarri dira zerbitzuak modernizatzeko eta eraikin berria egiteko”, gogoratu du.