Imanol Pradalesek gaur goizean Gasteizen adierazi duenez, apirilaren 21ean Eusko Legebiltzarrerako egingo diren hauteskundeek berebiziko garrantzia izango dute, euskal gizarteak erabaki behar duelako gure Herria nork gobernatuko duen. "Biharko Euskadi nolakoa izatea nahi dugun erabaki behar dugu. EAJ-PNVk beti egin du egonkortasunaren alde, ongizate handiagoaren alde eta euskal gizartearen bizi-kalitatearen alde, gure etorkizuna hipotekatu dezaketen esperimenturik gabe", esan du Pradalesek.
Vitoria-Gasteizko María Sarmiento Plazan posta bidezko botoaz informatzeko topagunea inauguratzeko ekitaldian, EAJ-PNVren lehendakarigaiak hauteskundeetan parte-hartze handia eskatu du, hartu beharreko erabakia garrantzitsua delako eta Euskadik bere ongizatea jokoan duelako. "Funtsezkoa da bozkatzea, gure etorkizuna erabakitzea, nahi dugun ereduaren alde egitea", adierazi du.
Euskal herritarren kezkak benetako Euskadiren benetako arazoak direla gogorarazi du Pradalesek. "Osasuna hobetzen jarraitzeko lana egingo dugu, hezkuntza hobetzeko. Euskadi segurua, fidagarria eta munduan ahots propioa izango duena. Datorren ekonomia berriak eskaintzen dizkigun aukerak aprobetxatuko dituen politika industriala bultzatuko dugu, eta konpromisoa hartzen dugu gazteei etorkizuneko aukerak eskaintzeko, Euskadin aske bizi daitezen, kalitatezko enpleguekin, soldata onekin eta baldintza onekin", amaitu du. Guztira posta bidezko botoaz informatzeko lau topagune inauguratu dira gaur Vitoria Gasteizen, hala nola María Sarmiento Plazan, Zumaquera ibilbidean, Bilbo Plazan eta Landaburu Etxean.