Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidentea, apirilaren 21ko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako Lehendakarigai Imanol Pradales eta ekainaren 9an Europako Parlamenturako egingo diren hauteskundeetan talde jeltzaleak aurkeztuko duen zerrendaburu Oihane Agirregoitia, bihar, ostirala, martxoak 8, EAJ-PNV kide duen Europako Alderdi Demokratak Florentzian egingo duen konbentziora joango den ordezkaritza jeltzalearen buru izango dira. Topaketa honetan PDE alderdiak onetsiko du Renew Europe taldearen barruan Europako Parlamenturako 2024ko hauteskundeetara eramango duen adierazpena, zeinaren bidez kanpaina abiaraziko baitu. EAJ-PNVren Kanpo Ekintza sailaren burukide arduradun Mikel Burzako eta Izaskun Bilbao Barandika Europako Parlamentuko egungo diputatu jeltzalea izango dira EAJren izenean topaketan parte hartuko duten beste ordezkariak.
Datozen asteotan Europako hauteskundeetarako eramango diren hautagaitzak konfirmatzea aurreikusten delarik, biharko Konbentzioa 12:00etan hasiko da, eta lan nagusiak lau paneletan egongo dira egituratuta: `Europa Burujabea´non Pradalesek parte hartuko baitu; `Europa Segurua´, Agirregoitiaren partaidetzarekin; eta `Europa Berdea´ izango da hirugarrena. EBBren presidente eta PDEren presidenteordeak hitza hartuko du azken ondorioak aurkezteko txandan ,PDEren beste lider politiko nagusiekin batera.
PDEren Konbentzioa Stazione Leopoldan egingo da, XIX. mendean tren geltoki izandako batean, gaur egun konbentzioetarako gune bihurtuta. Matteo Renzi Italiako lehen ministro ohi eta PDEko kideak 2010. urtetik antolatu ohi du bertan `Leopolda´ izenekoa, Italiako politikarien arteko topaketa nagusienetakoa, zeinaren inguruan milaka pertsona batu ohi diren. Hain zuzen ere, `Leopolda 2024´ izeneko horren barruan egingo da bihar PDEren Konbentzioa.