Imanol Pradales: “Konpromisoa eta lidergo publikoaren eta ekimen sozialaren arteko lankidetza funtsezkoak dira gizarte bidezkoagoa eta inklusiboagoa sustatzeko”

EAJ-PNVren Lehendakarigai Imanol Pradalesek Zarauzko Garagune eguneko zentroa bisitatu du gaur, sektore publikoaren eta ekimen sozialaren lankidetzaren adibide bat, aniztasun funtzionala duten pertsonak gizarteratzeko esparruan
05 Martxoa | EBB

Imanol Pradalesen apustua da sektore publikoaren eta ekimen sozialaren arteko lankidetzarako eredu propioa indartzen eta garatzen jarraitzea, Euskadiko esperientziak erakutsi duelako “gure lankidetza-eredua dela arrakastarako gakoa, eredu bat non konpromisoa eta lidergo publikoaren eta ekimen sozialaren arteko lankidetza funtsezko jotzen baitira”. Zarauzko Garagune zentrora egin duen bisitan EAJ-PNVren Lehendakarigaiak azpimarratu ditu eredu honek aniztasun funtzionala duten pertsonak gizarteratzeko esparruan ekarri dituen aurrerapauso handiak. "Ezinbestekoa da entitate hauek egiten duten lana aintzatestea eta balioestea, eta ez bakarrik norbanakoei eta beren familiei laguntzen zaielako aniztasun funtzionalak dakartzan zailtasunei aurre egiten, baizik eta gizarte inklusiboagoa eta bidezkoagoa sustatzen delako guztientzat”, gaineratu du.

Pradalesek azpimarratu du aniztasun funtzionala duten pertsonak ikusarazteak eta haiei babesa emateak daukan garrantzia, pertsona hauei bizimodu duina eta kalitatezkoa eramaten laguntzen dieten entitate sozialek egiten duten lan garrantzitsua aintzatetsiz. “Luzeegi, gizarteak ikusezin egin ditu aniztasun funtzionala duten pertsonak. Gaur egun,ordea, ekimen sozialari esker eta Garagunen ditugun entitateen lanari esker, besteon aukera berberak izan ditzakete eta bizi proiektu duina egin, askatasunez”, ziurtatu du.

Imanol Pradalesek Zarautzko Garagune eguneko zentroa eta etxebizitza bisitatu ditu eta bertan lan-bilera bat izan du Gipuzkoan desgaitasuna duten pertsonekin lan egiten duten erakundeekin: Atzegi, Uliazpi, Goyeneche Fundazioa, Aspace eta Gautena. Ekitaldian bertatik bertara entzun ditu eragile horien erronkak eta beharrak, eta haiekin partekatu ditu EAJk gizarte politikan duen programaren ildo nagusiak. Bilera Garagunen izan da, Aldapetako eraikin berrian. Bertan, adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako bi gizarte-baliabide daude: eguneko zentroa, 25 plazarekin, Goyeneche Fundazioak kudeatua, eta etxebizitza bat, zazpi lagunentzako laguntza duena, goiko solairuan, Atzegik kudeatua.

Pradalesek zentro horren funtzionamendua ezagutzeko aukera izan zuen. Zentro horrek arreta pertsonalizatuko zerbitzu baten alde egiten du, komunitateko bizitzan parte hartzea bilatuz, Urola Kostako eskualdean laguntza-premia desberdinak dituzten pertsonei erantzunez, eta haien garapena lehenetsiz, bizi diren ingurunean bertan edo inguruan. Azken horrek ekimen aitzindari bihurtzen du. “Euskadin, berrikuntzan, arreta pertsonalizatuan eta komunitateari irekian oinarritutako gizarte- eta zaintza-eredu baten alde egiten dugu. Erakundeen, irabazi-asmorik gabeko gizarte-erakundeen eta komunitatearen arteko lankidetza da gure bereizgarrietako bat, eta funtsezkoa izaten jarraituko du zainketen eta pertsona guztien gizarteratzearen etapa berri batera igarotzeko. Horrelako ekimenek bidea markatzen dute”, amaitu du Pradalesek.

 

PARTEKATU