“Denontzako garaipena da”. Hala deskribatu du EAJ-PNVk Euskadiko Udalen Elkarteak 2024an kudeatuko duen aurrekontuaren onarpena, EUDELen batzarraren gehiengoaren babesarekin lortu dena. Hala ere, alderdi jeltzalea oso kritiko agertu da EH Bilduk azken orduetan erakutsi duen jokabide alderdikoiarekin, erakundearen organo gorena bat ere errespetatzen ez duela agerian utziz, eta bertan ordezkaritza izanik erakundeak parte hartzeko eskaintzen dituen bide guztiei zilegitasuna kenduz.
Talde jeltzalearen ordezkariek aditzera eman dutenez EH Bilduk hedabideei “nahita” eman zien ezagutzera aurrekontuei planteatzen zien ustezko “kontraproposamena”, baina EUDELen batzordeetan inolako agiritik aurkeztu gabe. “Argi eta garbi maniobra elektoralista bat eginez, EH Bilduk nahiago izan du ordezkaritza zuzena duen entitatearen prozeduren gainetik egin, soilik titular bat lortzearren. Eraiki beharrean, zubiak apurtzen saiatu den alderdi politiko bakarra izan da”, esan dute. “Jarrera hori da entitate honen gobernua deslegitimatzeko ariketa arriskutsua, parte hartzeko dauden bideak baztertzen dituelako”. “Hori ez da EAJ-PNVk EUDELentzat nahi duen gobernantza-eredua. Gure eredua hautetsien arteko elkarrizketa eta akordioa da, sigla politikoak alde batera utzita”, ziurtatu dute.
Horregatik, EAJ-PNVk nabarmendu du gaur goizean Bilbon egindako Batzar Nagusira bertaratu direnen hiru bostenek (aldeko 512 bozka, 299 abstentzio) argi berdea eman dietela aurrekontuei, eta nabarmendu du alderdi independenteen jokaera izan dela lankidetzaren eta erantzukizunaren adibide (EH Bilduk esan zuen abstentzioa eskatuz egin zuen deiak kontuak ez onartzea ekarriko lukeela). Horrek agerian uzten du elkartearen “heldutasuna”, bai eta gehiengoaren borondatea dela, “Euskadiko toki-erakundeen interes komunen alde lankidetzan aritzea, herritar guztientzat onuragarria izan dadin”.
EUDELen Batzar Nagusiak ekitaldi honetarako onartu dituen kontuek 3,7 milioi euroko kopurua egiten dute osotara. Zenbateko horrekin, elkartearen jarduerari eutsiko zaio, eta udalei lagunduko zaie, agintaldi berri honetarako ezarri diren lehentasunak betetzen. Esther Apraizek, Euskadiko Udalen Elkarteko presidenteak, erakundearen ekintza-ildoak aurreratu ditu, horietako lau, lehenesten direnak, ondorengoak dira: udalerri txikien beharren diagnostikoa; zaintzaren erronkari tokian bertan heltzea; tokiko gobernuetan genero-eragina aztertzea; atzerritar jatorriko pertsonei harrera egiteko tokiko protokoloak. Era berean, Derioko alkateak “tokiko lidergoa” euskal gizartearen zerbitzura jartzeko deia egin die euskal udalei, “erakundeen lankidetzarekin laguntzeko arlo sozialean, demografikoan, esparru digitalean egin behar den trantsizioan, bai eta feminismoari dagokionean ere”.