EAJ-PNVk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan proposatuko duen Lehendakarigai Imanol Pradales Gilek gaur arratsaldean Sabin Etxetik baloratu du Iñigo Urkulluk hauteskundeak apirilaren 21erako deitzeko hartu duen erabakia. Pradalesek hitzak ondorengoak izan dira:
“Iñigo Urkullu Lehendakariak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilaren 21erako deitu dituela jakin dugu gaur. Euzko Alderdi Jeltzalearen izenean ondorengoa adierazi nahi nuke, alderdi honen ordezkari eta Lehendakarigaia izateko ohorea dudalarik.
-Lehenik eta behin, berriro ere, gure esker ona adierazi nahi diogu publikoki Urkullu Lehendakariari baita gure aitortza zintzoena ere, hamaika urte luze hauetan, Lehendakaritzatik herri honen zerbitzura egin duen lan paregabeagatik. Urkulluk utziko digu Euskadi hobea, oparoagoa eta bidezkoagoa, berak 2012ko abenduan hartu zuena baino egoera hobean.
-Ziur geunden Urkullu Lehendakariak, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako, egunik aproposena aukeratuko zuela Euskadirentzat, eta uste hori errealitate bihurtu da. Berriki hiru lege berri onartu dira, eta horrek balantze bikaina ematen dio bere gestioari lege-produkzioan eta hitzemandako konpromisoen betepenari dagokionean. Halaber, apirilaren 21a aukeratu izanak ahalbidetuko digu Euskadiko alderdioi, azken hauteskundeek utzi duten oihartzunetik aldentzea, baita etorkizuneko hauteskundeetako zaratatik ere. Eta are garrantzitsuagoa dena: behar dugun testuingurua emango digu eztabaida politikoaren erdian jartzeko euskal herritarren beharrak, arazoak, eskakizunak,itxaropenak, ilusioak eta ametsak, horiek egongo baitira jokoan apirilaren 21ean.
-Eta lan horretan jarriko ditut nik nire esfortzurik handiena eta neure indar guztia datozen hilabeteotan. Euskadiko hiritargoari entzunez eta beren eskariak, beharrak eta ilusioak Euskadi hobetzeko ahalik eta proposamenik onena prestatzeko. Ongizatearen Euskadi fidagarri eta globala eraikitzeko”.