Pradales: “Araba eredugarria da etxebizitza publikoan: bide horretatik formula berriak bilatzen jarraituko dugu gazteentzat, beraiek baitira emantzipatzeko benetako arazoak dituztenak”

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJ-PNVk Arabatik aurkeztuko duen hautagaitzaren aurkezpenean, Lehendakarigaiak Vitoria-Gasteiz hiriaz esan du “hiri eredugarria” dela, “bertan bizi proiektua egiteko”. Eta, hala da, “eskaintzen dituen zerbitzu publikoei eta bizi kalitateari esker”. Lehendakarigaiak hitzeman du lan egiten jarraituko duela mugikortasuna eta auzoetarako sarbideak hobetzeko eta hirigunean merkataritza, kultura eta dinamismoa berreskuratzeko
24 Otsaila | ABB

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Imanol Pradales EAJ-PNVren Lehendakarigaiak ongizatea jarri du lehenetsi beharreko helburuen lehen tokian, osasunaren eta zainketen esparruan, etxebizitza eskuratzeko prozesuetan, enpleguan, kontziliazioan edo bizi proiektua martxan jartzeko orduan gazteek beharko dituzten aukeren alorrean. EAJ-PNVk Araban proposatuko duen hautagaitzaren aurkezpen ekitaldian, gaur eguerdian, Vitoria-Gasteizko Villa Suso jauregian, Pradalesek esan du Araba eredugarria izan dela, eta dela, etxebizitza politikaren alorrean, eta nabarmendu du Euskadi Estatu osoan biztanleria guztiaren %5 den arren, azken urteotan etxebizitza publikoaren eraikuntzaren liderra izan dela, %35eko portzentajera iritsiz. “Etxebizitza publikoa eraikitzeko eta alokairuan jartzeko egin dugun apustu argiari esker, aukerak eman dizkiegu milaka gazteri, baina formula berriak bilatu behar ditugu orain, gazteek emantzipatzeko zailtasun handiak baitituzte”, ziurtatu du. Gaurko ekitaldiari hasiera emateko hitzak esan ditu gaur José Antonio Suso Araba Buru Batzarraren presidenteak eta berak eman die hitza Arabako zerrendaburu Joseba Díez Antxustegiri eta Arabako zerrendan bigarren doan Nerea Melgosari. “Apirilaren 21ean jokoan egongo da eredurik onena aukeratzea euskal gizarteak etorkizunera begira izango dituen erronkei aurre egiteko”, ziurtatu du Díez Antxustegik. Melgosak, bere aldetik, balioetsi nahi izan du Zainketen aldeko Euskal Ituna lortzera begira egin den lana eta Eusko Legebiltzarrean “Estatuan parekorik ez duten” hiru lege onartu izana: Haur eta Nerabeen Legea, Lankidetza eta Elkartasunaren Legea eta Trans Legea izenez ezagutzen denaren aldarazpena.

“Proiektu zehatzak ongizatea bermatzeko. Jendearen bizi kalitatea hobetzeko. Ezinezkoak agindu barik. Horixe da EAJren konpromisoa”, ziurtatu du Imanol Pradalesek Vitoria-Gasteizek hazkunde prozesuan aurkitu dituen erronkak zerrendatu ondoren. “Hiria handitzearekin batera zerbitzu publikoak ugaritu eta hobetu behar dira, auzoei eta hiriguneari bizitasuna emateko. Tranbia Zabalganara eramateko proiektua horren adibide da. Eta, ez dut ahazten Zaramaga auzoa birgaitzeko plana, irisgarritasun hobea merezi duen auzoa baita, bidegorri berriekin, etxebizitza askotan fatxadak eraberritzearekin eta oinezkoentzako gune gehiagorekin. Merkataritza giroa ere berreskuratu nahi dugu, bai eta kultura eta dinamismoa ere Gasteizko hiri honen bihotzean, bizitza gozatzea ere badelako”, esan du.

Hautagai jeltzaleak EAJren eredua aldarrikatu du, bai eta autogobernuaren alde egiten duen apustua ere, Euskadi eraikitzen jarraitzeko eta ongizatea ahalbidetzeko, eta osasuna jarri du bere lehentasunen gailurrean. “Osakidetza hobetuko dugu. Itxaron zerrendak murriztuko ditugu, lehen arreta hobetu eta osasun zentroetan irisgarritasuna eta presentzialtasuna berreskuratu. Inbertsioak egiten jarraituko dugu, ekipamenduak eta zerbitzu asistentzialak hobetzen, osasuna gure lehentasunik handiena delako, bai eta euskal gizartearena ere”, adierazi du Pradalesek.

“Araba da Euskadin per cápita errentarik handiena duen Lurraldea, politika sozioekonomiko eta industrial argia izan dugulako, politika jarraitua eta egonkorra. Batzuk saiatu ziren konbentzitzen politika industrialik onena dela egiten ez dena,baina guk sekula ez genien kasurik egin. Eta gaur, batzuek oraindik defendatzen dute den-dena publikoa izan beharko litzatekeela eta politika ekonomikorik onena interbentzionismoarena dela. Diskurtso arriskutsuak dira horiek. Inbertsio handiak ditugu jokoan, Arabako industriaren etorkizuna bermatzeko beharko ditugunak”, ohartarazi du Pradalesek. Azkenik, Lehendakarigaiak aireportuen eskuduntza eskatu du euskal erakundeentzat, Euskadik bere konektibitatea bere osotasunean kudeatu ahal dezan. “Foronda kudeatu nahi dugu. Lanean jarriko gara ardatz atlantikoko erreferentziazko aireportua izan dadin itsasoa zeharkatzeko eta merkantziak eramateko hegaldietarako. Gauza argia da, zenbat eta konektibitate handiagoa, orduan eta lehiakortasun handiagoa, bai eta ongizate maila handiagoa ere. Arabak merezi du eta Euskadik behar du”, amaitu du Pradalesek.

Ekitaldi politikoari hasiera emateko hitzak esatea egokitu zaio José Antonio Suso Araba Buru Batzarraren presidenteari, eta honek hautagaitza jeltzale arabarra aurkeztu du EAJ-PNVk bere proposamenean egin duen “belaunaldi aldaketa” balioetsiz. Susoren hitzetan “ez da soilik aurpegi gazte berriak aurkeztea, baizik eta gure irudia berritzea ere, profil ideologiko nabarmenagoarekin. Azken finean, Euskadin datozen 10 urteetarako proiektu berri bat lantzen ari diren pertsonen belaunaldi berri bat dugu hau”.

Belaunaldi berri horren ordezkari gisa, 31 urte dituela, Arabako zerrendaburu jeltzale Joseba Díez Antxustegik adierazi du apirilaren 21ko hauteskundeetan Arabako hautesleriak alderatu beharko dituela alderdi politikoek proposatzen dituzten eredu ezberdinak, Araban eta Euskadin datozen urteotan planteatuko diren erronkei aurre egiteko oroduan. “EAJ-PNVri dagokionez, azken 4 edo 40 urteotan egindakoaren inguruko edozein eztabaidarako prest gaude, baina garrantzitsuena da eredurik onena aukeratzea euskal gizarteak etorkizunera begira izango dituen erronkei heltzeko”, adierazi du Díez Antxustegik.

Nerea Melgosak, Arabako zerrendako bigarren eta egun Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailburu denak Arabako alderdikideei eskertu die berarengan jarritako konfiantza. Aitortu duenez, “etapa berri baten atarian gaude”. Melgosak bere hitzaldiaren zati bat gizarte politiketan oinarritu du, eta “gure herriaren etorkizunerako ezinbesteko” jo du gai honen inguruan elkarlana, etengabeko arreta eta lanketa partekatua” bideratzea. Ildo beretik, Melgosak balioetsi du etorkizunera begira Zainketen aldeko Euskal Ituna lortzeko egin den lana eta Eusko Legebiltzarrean “Estatuan parekorik ez duten” hiru lege onartu izana: Haurren eta Nerabeen Legea, Lankidetza eta Elkartasunaren Legea eta Trans Legea izenekoaren aldaketa.

PARTEKATU