Euskal Taldeak “adi” jarraituko du autonomietako hitzarmenen nagusitasuna bermatzeko eta planteamendu hau Ministroen Kontseiluak berriz azter dezan, atzo bertan Kongresuko osoko bilkuran Lan-arloko lege-dekretua indargabetzean legegintza esparrutik erori zenez geroztik. Idoia Sagastizabal diputatu jeltzaleak esan duenez “ziur gaude” Espainiako gobernuak Sorospenen lege- dekretua onartu bezain laster edo Lan-arloko beste edozein lege-dekretu bat onartzen duenean , autonomietako hitzarmenen nagusitasuna dagokion testu legegilean jasoko dela. Ildo honetatik nabarmendu behar da autonomietako hitzarmenen nagusitasuna bermatzera begira Langileen Estatutua aldatzea EAJ-PNV eta PSOE alderdiek inbestidurarako izenpetu zuten akordioan jasota dagoela. Hain zuzen ere, Sagastizabalek atzo bertan tribunatik gogoratu zuenez, testua “puntuz puntu” negoziatu zuten Lan Ministerioarekin. Halaber, Euskal Taldeko diputatuak Espainiako Gobernuari berriz exijitu dio “jarrera” alda dezala Kongresuan babesa ematen dioten taldeekin ekimenak negoziatzeko orduan, eta eskatu dio “Kongresura etxeko lanak eginda ekartzea”.