“Euskara, katalana eta galegoa Kongresura ekarri ditugu askatasunaren eta demokraziaren izenean”. Hitz hauen bidez txalotu du Joseba Agirretxea diputatu jeltzaleak Diputatuen Kongresuaren Araudiaren erreforma onartu izana Behe Ganberaren jardueran Estatuko hizkuntza ofizial guztiak erabili ahal izan daitezen. Aldarazpen hau aurkeztu zuten Euskal Taldeak (EAJ-PNV), Talde Sozialistak, SUMAR talde nazio-anitzak, Errepublikarrak eta Euskal Herria Bilduk, eta Junts per Catalunya alderdiaren babesa jaso zuen.
Halaber, Euskal Taldeak gehikuntza zuzenketa sartu dio hasierako proposamenari, Behe Ganberan onartuko diren legeak Kongresuko Aldizkari Ofizialean argitaratuak izan daitezen Estatuko hizkuntza ofizial guztietan eta denak benetako bertsiotzat jo daitezen. “Legeak hizkuntza ofizial guztietan benetakotzat jotzeak ahalbidetuko du lege hauek balio juridikoa izatea eta hori aurrerapauso esanguratsua izango da euskararen, katalanaren eta galegoaren normaltasunerako, hizkera juridikoari dagokionez”, azaldu du Agirretxeak.
Diputatu jeltzaleak ildo beretik deitoratu du Partido Popularrak , beste behin ere, Estatuko hizkuntza ofiziala defendatzeko “aukera” galdu duela eta Vox-en “jarrera autoritarioa” kritikatu du “beste garai batekoa delako”. Amaitzeko esan duenez “ezinbestekoa da euskarari bide berriak zabaltzea”.