Aitor Esteban: “Egia argia eta borobila da: EAJk ez dauka akordiorik ez PPrekin ezta VOXekin ere”

‘Euskadiren Ahotsa Gira‘ deitzen denaren barruan Hondarribian gaur egin den kanpainako ekitaldian, Andoni Ortuzar EBBren presidenteak ziurtatu du EAJ-PNV dela Euskadirentzako “benetako boto onuragarria”, eragina galtzen ari den PSOEren eta “Sánchezen mende” dagoen Bilduren aurrean kontrajarriz
17 Uztaila | EBB

Aitor Esteban Euskal Taldearen bozeramaile eta uztailaren 23an Bizkaian  berraukeratzera aurkezten den hautagaiak mezu argi eta sendoa luzatu nahi izan die “euskal herritargoari gezurrak esaten jarraitzen ari direnei”. “Bideo hartan gu faxistatzat aipatu ondoren, Otegik atzo bertan errepikatu zuen EAJk akordio bat duela PPrekin eta Vox-ekin. Zein da horien zentzu etikoa gezur bera behin eta berriz errepikatzen badute? Egia argia eta borobila da: EAJk ez dauka inolako akordiorik ez PPrekin, ezta Vox-ekin ere”, esan du gaur Hondarribian. ‘Euskadiren Ahotsa Gira’ izenekoak herri gipuzkoarrean egin duen saioaren azken hitzaldian, Andoni Ortuzarrek,  Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak ziurtatu du EAJ-PNV dela Euskadiko “benetako boto onuragarria”, PSOE eragina galtzen eta beherako joeran doan bitartean eta Bildu “Sánchezen mende dagoelarik”. “EAJk argi eta garbi erakutsi du Madrilen euskal gaiak defendatzen dakiela, boto onuragarria dela gure Herriak merezi duena lor dezan. Betidanik egin izan dugu, inguruabar guztietan egin dugu, nahiz eta momentu konplikatuak etorri eta Madrilgo gobernuan batekoak zein bestekoak izan direla”, ziurtatu du buru abertzaleak.

Estebanek EAJ-PNVren politika eta eredua aldarrikatu ditu hitza hartu duenean, ondorengo esaldian laburbilduz: “EAJk esaten duena betetzen du”. Hain zuzen ere, hautagai jeltzaleak gogora ekarri du herri honetara duela hilabete batzuk egin zuen bisita, eta orduan hitzeman zuen kirol portuko eta futbol zelaiko lurrak , garai hartan Itsasertzeko Legearen mende zeudenak, oso osorik Udalaren ardurapean egongo zirela. “Espedientea izapidetze bidean dago eta hilabete batzuen buruan errealitate izan beharko litzateke”, esan du. Ildo beretik hitzeman du hurrengo legealdian konponbidea emango zaiela Interlimen-eko eraikinen inguruan gaur egun ematen ari diren arazoei.

Hautagai jeltzaleak ziurtatu duenez, “herriaren mesedetan lehenengo eta behin egin beharreko lana da defentsa lana, dela Madrilen, Bruselan edo Sebastopolen”, eta gaineratu duenez, horixe da hain zuzen “EAJren zeregin nagusia”. “Gure bihotza, gure indarra, gure gogoa Euskadin eta Euskadirekin dago. Beti egiaren bidetik”. Hala hitzeman duenez, “Madrilera eramango dugu euskal Autogobernuaren defentsa, euskal ekonomiaren beharrak, Ekonomia Ituna defendatuko dugu eta Giza Eskubideak defendatuko ditugu”. Azken finean Estebanek ziurtatu du gure Herriak “asko duela jokoan” hauteskunde hauetan, ”Estatuko politikagintzan presente egotea edo ez egotea dago jokoan”. Horregatik  esan du EAJ dela “euskal aukera independente, arduratsu eta orekatu bakarra, Euskadin eta Euskadirentzat eginiko egitasmoa duena eta, gauza guztien gainetik, bere Herriaren zerbitzura dagoena”.

Maribel Vaquerok, bere aldetik, gogorarazi du “Euskadiren eta euskal herritarren beharrak lehen lerroan” jartzea dela euskal klabean bozkatzea eta Euzko Alderdi Jeltzalea dela “Autogobernua eta Euskadiren erabakitzeko eskubidea defendatzeko” aukera bakarra. “Talde bezala dugun indarra Herriaren mesedetan jarriko dugu, orain arte egin dugun bezala”, adierazi du. “Igandean erabakiko dugunaren araberakoa izango da Euskadiren nahiak Madrilen defendatuko diren edo ez. Ea gure ahotsa, nahiak, ongizatea, aldarrikapenak Madrilen defendatzen eta aintzat hartuko diren”.

Ortuzarrek, azkenik, bere hitzaldiaren zati handi bat “benetako boto onuragarria” EAJren aldeko botoa dela azpimarratzera zuzendu du. "Inkesten arabera, hiru alderdi berdinduta gaude, nahiz eta guk botoetan irabazi: EAJ, Bildu eta PSOE. Bada garaia, beraz, euskal boto onuragarri eta mesedegarria aldarrikatzeko. Eta ‘euskal’ hitza azpimarratu nahi dut. Espainian, boto onuragarri eta mesedegarria beste bat izan daitekeelako, baina hemen, Euskadin, zein da boto onuragarri hori? Sozialistei ematea?, Espainian indarra galtzen ari direla?, Sanchezen menpe dagoen Bilduren alde bozkatzea? Hemen, Euskadin, boto ona, onuragarria, EAJren aldeko botoa da. Izan ere, gertatzen dena gertatzen dela, EAJk erakutsi du jakin dakiela Madrilen euskal gaiak defendatzen, gure herriak merezi duena han lortzea bermatzeko boto onuragarria dela. Beti egin dugu, egoera guztietan egin dugu, nahiz eta momentu konplikatuak etorri eta Madrilen gobernuan egon dena egon dela. Antzeman dezakeguna badator, boto ona, mesedegarria, babes botoa, EAJ da”, esan du. Bidasoaren inguruko lurretan, Txingudiko badian, Ortuzarrek alderdikide jeltzaleei eskatu die esfortzuak biderkatzea U23ko kanpainan geratzen diren egunetan. “Bogan jarraitu behar dugu, pala ondo sartu, olatu ona hartu eta azken txanpa topera egin. Hortxe dugu helmuga. Euskal Taldea euskal herritarren ahotsa Madrilen. Euskal ahotsa Madrilen!”, aldarrikatu du.

PARTEKATU