“Industriak dakar hiritargoarentzako oparotasuna, garapen ekonomikoa garapen industrialari lotuta dagoelako. Egin daitekeen politika sozialik onena ere bada, enplegua sortzen eta babesten laguntzen duelako eta, gainera, babes gisa funtzionatzen duelako krisiak datozenean. Horregatik, EAJ-PNVk beti egin du eta beti egiten jarraituko du industriaren aldeko apustu argi eta erabakigarria”, ziurtatu du Idoia Sagastizabalek, Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak, hurrengo legealdira begira Euskal Taldeak euskal hiritargoarekin hartuko dituen konpromisoak zerrendatu aurretik.
“Gure sare industrialaren etorkizuna babestuko dugu, Next Funtsak industriaren sektorean protagonista izatea lortuko dugu, ikerkuntza eta berrikuntza merkatuko aukera bilakatzeko proiektuak bultzatuko ditugu, industria berritzaile bihurtzeko; garaian garaikoa egokituko dugu errealitate teknologiko eta industrialera eta trantsizio energetiko,berde eta digitalak ematen dizkigun aukerak baliatuko ditugu”, industria politikarako eredu sendoa bermatzen jarrai dezan enplegu,aberastasun eta ongizate mailak igotzea ekar dezan”, azaldu du Sagastizabalek.
Kongresurako egungo diputatu jeltzaleak Barakaldon, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin egin duen ekitaldian aditzera eman duenez Euskadin “betidanik berrikuntzaren eta teknologiaren aldeko apustu irmoa egin dugu, hazkunderako eragile den aldetik”. Zentzu honetan aldarrikatu duenez “EAJ da gure industriaren aldarrikapenak Madrilera eraman dituen alderdi bakarra” , esan du Euskal Taldeak agintaldi honetan defendatu dituen ekimenetako batzuk nabarmendu baino lehen, hauen artean “dieselaren gaineko zerga kentzea, Makina Erremintaren Renove Plana (50 milioi euroko partidarekin, Mondragon Unibertsitatearentzako dirulaguntzak, ekintzailetza industrialerako eta CIC Energigunerako, elektrolizatzaileen proiektu baterako, Iberiar Salbuespenerako proposamena, industriarako errelebo kontratuaren luzapena lortu izana, laguntza gasintensiboak eta elektrointensiboak enpresa gehiagori eman ahal izatea edo CO2 isurketen gaineko zeharkako kostuetarako laguntzak handitzea”, beste hainbat gairen artean.
Bestalde, Arantxa Tapia sailburuak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzaren apustua "mundura irekitako" ekonomia mantentzearen alde, atzerriarekiko loturan oinarritutako industria dinamikoarekin. "Euskadin indartsu izaten jarraituko duen industria bat behar dugu, lehiakorra, eta, jakina, Europan egoteko gaitasun nahikoak dituena". Ildo horretan, Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua kezkatuta agertu da Espainiako Estatua ez dagoelako potentzia handien aliantzan, besteak beste Alemania, Italia edo Frantzia elkartzen dituena, Europako garapen industrialaren alde. "Itxura guztien arabera, potentzia horiek ez dute aintzat hartu Espainiako Estatua, bere industria-politika ez delako existitzen. Ez dago eta ez da horrelakorik espero ere", deitoratu du. Tapiak salatu du badirela industria-politikaz soilik gogoratzen direnak birzentralizatzeko eta eskuduntza esklusiboa duten autonomia-erkidegoak eta eskumenez husteko asmoa besterik ez duten arauak eta legeak sustatzeko. "Euskadik eskumen esklusiboa du, eta hori egiten badakiela erakutsi du eta horixe egiten jarraituko duela, garai zailetan eta garai oparoetan, beti industriaren alde. Zentzu horretan, edo zaude edo ez zaude” esan du.