Kerman Orbegozok, 2011tik legebiltzarkide jeltzaleak, Eusko Legebiltzarreko erregistroan formalizatu du astelehenean legebiltzar-aktari uko egitea. Bere eserlekua bihar bertan beteko du Garikoitz Mendizabalek, EAJ-PNV Gipuzkoako hauteskundeetan aurkeztu zen zerrendako hurrengoak. Orbegozok, besteak beste, Osasun Batzordeko presidente lanak egiten zituen; ardura horretarako EAJ-PNVk Elena Lete proposatuko du.
Garikoitz Mendizabal Zestoakoa da, eta Txistu musika tresnan goi mailako graduatua da Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, eta bere ibilbide profesionala musikari lotuta egon da beti. Bere jaioterriko Udaleko zinegotzia da, eta 2004tik Bilboko Udal Txistulari Bandaren zuzendaria da, bakarlari gisa egin duen ibilbidearekin batera. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kidea da.