Europako Parlamentuak gaur arratsaldean eztabaidatu du eta bihar bozkatuko du Amerikako herrialde honetan egin ziren azken hauteskunde presidentzialetan egiaztatu ziren irregulartasun larrien ondoren sortu den egoera aztertzen duen erabakia. Oposizioko hautagaiak atxilotuta edo preso daudela, eta arau-hauste penalak egotzi dizkietela, benetako botere banaketarik gabe, prentsa askatasunik gabe eta tentsio handiko giro batean, krisi instituzional larria bizi du gaur egun herrialdeak. Gainera, krisi humanitario larria sufritzeko zorian ere badago, herritargoa erabat txirotuta baitago eta komunitatea indigenak baitira Daniel Ortegaren diktaduraren biktima nagusienak.
Hain zuzen ere, Nikaraguan egun erregimen autoritarioa dagoela egiaztatuta, horretaz hitz egin nahi izan du gaur EAJ-PNVren ordezkariak Estrasburgon. Izan ere, gogorarazi du herrialde hartan “hautagai gisa aurkezteak kartzela-zigorra dakarrela. Giza eskubideak defendatzea, ingurumen-jardunbide txarrei eta komunitate indigenak suntsitzeari aurka egitea, abusuak salatzea, erantzuleak adieraztea, errepresiorik gogorrena, erasoak eta jazarpena dakartza. Ez dago prentsa eta adierazpen askatasunik. Egoera horretan, azken hauteskundeak fartsa hutsa izan dira”.
Hori dela eta, Izaskun Bilbao Barandicaren esanetan “egungo agintariak ez dira dagoeneko herrialde horretako agintari legitimoak. Usurpatzaileak dira eta halakotzat tratatuak, zigortuak, beren jardunbide ustelen etekin ekonomikorik gabetuak eta Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluaren esparruan politika errepresiboengatik ikertuak izatea merezi dute”.