Ordezkari jeltzaleak neurri honen alde bozkatu zuen Europako Parlamentuak iragan astean egin zuen osoko bilkuran, eta adierazpen hauek egin ditu gaur Herri Irratian egin dioten elkarrizketan, datorren igandean Europaren Eguna ospatuko dela gogoan. Bilbao Barandica andreak Batasunaren balioa azpimarratu du gaur, eta Batasunaren erakundeen zeregina nabarmendu nahi izan du pandemiaren kontrako lana egiterako orduan, eta bi adibide eman ditu, giltzarri jotzen dituenak: “ikerkuntza eta fabrikazio prozesuari ematen ari zaion babesa, txertaketa kanpainak denbora errekorrean egin ahal izatea ekarri duena, eta Berreskuratze eta Erresilentzia plana”, esan du, 2008ko krisian Batasunak inposatu zuen austeritatearekin alderatuz. “Mundu global honetan, esan du, Europako Batasunik izango ez bagenu, asmatu egin beharko genuke”.
Izaskun Bilbao Barandicak era berean aztertu ditu Berreskuratze eta Erresilentzia Planak eta estatu kideen artean banatuko diren funtsek sortu dituzten aurreikuspenak. Era berean nabarmendu du erantzun hau emateko behar den guztia abian jartzea beste berrikuntza bat dela “elkarrekin zorpetuko garelako krisitik elkarrekin irten gaitezen” eta berretsi du funts horiek baliatzeko aurkeztuko diren planek “balio behar dute ekonomia eraldatzeko eta iraunkorrago eta digitalago egiteko”. Halaber, baikortasuna eta konfiantza adierazi du Euskadik aurkeztu dituen proiektuekiko “euskal gizarteak eta bere sare ekonomiko osoak ildo horretatik lan egiten dutelako” eta Espainiako gobernuari eskatu dio programa horren funtzionamendua arautzen duen Europako araudia bete dezala “toki eta erregioetako erakundeen parte hartzea exijitzen baitu”.