Jeltzaleen ustez, neurri horrek garraiobide horren garapena babesten du, baina Europa zeharkatzeko garraio sareak amaitu behar direla eta trenbideen laugarren paketea bete behar dela azpimarratu dute, trenak Europako mugikortasunean merezi duen tokia izan dezan.
Europako Parlamentuak tren bidezko garraioa erabili ohi duten bidaiarien eskubideak arautzen zituen araudia aldatzeko erakunde arteko akordioa eztabaidatu du. Euskal ordezkariak bere hitzaldian azpimarratu duenez, "Bi urteren buruan indarrean egon beharko litzatekeen araudi berri honen helburua da treneko bidaiariek,atzerapenak gertatzen direnean, jaso behar dituzten konpentsazioak aireko lineetako bidaiariek hegaldien atzerapena gertatzen denean edo hegaldiak bertan behera geratzen direnean jasotzen dutenarekin parekatzea".
Jeltzaleek oso bereziki baloratu dute Europako araudi berriak norabide horretan urrats oso esanguratsuak eman izana. "Ehun minutuko atzerapenetik aurrera, konpainiek aukerak eta mantenua eskaini beharko dituzte, baita kaltetuentzako ostatua ere, egoerak hala eskatzen badu. Hondamendi natural batek, osasun-alarma batek edo oso muturreko baldintza meteorologikoek bakarrik salbuets ditzakete konpainiak kalte-ordain hauetatik, baina ez bidai-txartelak itzultzetik".