Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeak, Pedro Sánchezi adierazi dio kezkatuta dagoela Koalizio gobernuak gaur egun bere “barruko gatazkarekin” islatzen duen “ezegonkortasunarekin” eta politikaren esparruan ematen duen irudi eskasarekin, eta gomendatu dio “ezbaiak barne mekanismoekin konpontzea, hau da, Gobernu koalizioaren baitan”.
Kontrol bilkuran Euskal Taldeak ildo beretik nabarmendu duenez “Gobernuko koalizioaren baitan batzuek eta besteek egindako adierazpenek prestigioa kentzen diote politikari” eta “halako mingostasun arrastoa uzten digu laguntzeko prest gaudenoi”. Testuinguru berean, Estebanek iragarri du EAJ-PNVk Espainiako gobernuaren egonkortasunari lagundu nahi diola baina era berean ohartarazi duenez “gorroto ditugu adierazpen kolpez eginiko politika eta beren barruko borroka, eta benetan kezkatzen gaituzte erabakiak alde bakarretik hartzeak eta konpromiso politikoak atzeratzeak”.
Halaber, Estebanek baieztatu duenez “demokrazia oso batean ezin da egon Sekretu Ofizialen Legea moduko arau frankistarik” eta eskatu du eguneratzea “Mikel Zabalzaren heriotza eta O-23a argitzeko”. “Hiritarrak ezin dira adinez txikitzat hartu”, amaitu du.
Azkenik, Europako Funtsei edo Estatuko egiturari buruzko zehaztapenak eskatu ondoren, Estebanek “nahiko deseroso” jo du Espainiako gobernuak legeak Lege Dekretu bidez ateratzeko duen joera “hainbat gai nahasten direlako eta bai edo ez baino ezin dugulako esan, bereziki gai delikatuetan, eta horietaz hitz egiten dugu proiektua Ministroen Kontseilura eraman baino lehen inolako informaziorik jaso gabe”.