Izaskun Bilbao Barandicak bere ekimenean gogoratu du berrikuntza bultzatzeko eta jarduera produktibo berriak sustatzeko Europako programen ebaluazioak erakusten duela erregioen parte hartzeak emaitzak hobetzen dituela. Europako diputatu jeltzaleak uste du hobekuntza hau sortzen dela “lehenengo eta behin, programak errealitate ezberdinetara moldatzen laguntzen duelako eta horrek kolaboratzeko eskemak sortarazi dituelako, hauen artean espezializazio adimenduna. Gainera, tokian tokiko eta erregioetako agintariek ondo baino hobeto ezagutzen dituztelako garapena eta berrikuntza sortzen dituzten eragileak”.
Euskadiren kasuan, industria-politika, berrikuntza-programak eta lankidetza publiko-pribatuen funtzionamendu ona sarritan nabarmentzen dira erkidegoko gobernuaren txostenetan. Izan ere, aste honetan bertan, Bruselak goraipatu egin du, adibidez, Industria Sustatzeko eta Eraldatzeko Sozietatearen eredua, erregioek beren produkzio-sarearen nazioartekotzean izan dezaketen zereginaren adibide gisa eta transferentzia teknologikoaren zerbitzura dagoen tresna gisa. Era berean, Europak behin eta berriz aitortu du zientzia eta teknologiaren euskal sistemaren egokitasuna eta ekoizpen-sistemarekin duen lotura.
Hori dela eta, EAJk Euroganberan duen ordezkariak gogorarazi duenez, "Erregio batzuek hamarkadak daramatzate Europar Batasuneko hazkunde-helburuekin lerrokatuta, eta orain atxikimendua adierazi diote iraunkortasunak eta digitalizazioak Europak jarduera hautagarriei ematen dien babesa baldintzatzeari". Lotura hori gertatzen ez denean, "Errendimendu-arazoak sortzen dira Gazte Bermea bezalako ekimenak ebaluatzeko orduan".