Egunotan, XXI. mendea nahiko aurreratuta dagoela, inola ere aurreikusterik ez genuen salbuespen egoeran aurkitzen gara Covid-19ak mundu osoan eragin duen pandemiaren ondorioz. Pandemiaren ondorioak bereziki gogorrak izaten ari dira planetako toki batzuetan, hauen artean Europan. Europaren erantzuna, orain arte, nahiko etsigarria izan da, mugak itxi egin baitira, estatu kideen barruan atzera egin baita eta autoritarismoa izan baita erantzun politiko nagusia. Horren ondorioz, herritarren eskubideak eta askatasunak asko murriztu dira, eta barne-elkartasuna ez da nahikoa, batez ere izurrite honek gehien kolpatzen dituen Hegoaldeko herrialdeekin.
Azken zazpi hamarkadetan, Europak aurrera egin du eraikuntza-prozesu luzean, eta, ikuspegi historikotik, erakutsi du erresilientzia duela aurre egin behar izan dien askotariko krisien aurrean. Baina, aldi berean, ageri-agerian utzi ditu bere gabeziak eta ahuleziak, hauen adierazpen nagusiak direlarik borondaterik ez dagoela benetako europar ‘demosa’ eraikitzeko eta, estatu kideak ez daudela prest beren subiranotasunaren parte bat Batasunaren erakundeei lagatzeko.
Covid-19ak eragin duen krisiak ondorio latzak sortu ditu senideak galdu dituzten familientzat den tragediagatik eta ekarriko dizkigun ondorio ekonomiko eta sozial larriengatik; baina, aldi berean, aukera era bada Europak erabakimenez heldu diezaion XXI. mendeko erronka global handiek eskatzen dizkion eraldaketa handiak abian jartzeari. AEBen eta Txinaren artean polarizatutako mundu bat datorkigu, nagusitasun globala eskuratzeko borrokan bi aldeetatik tentsioak areagotuz doazena. Mundu horretan, Europa da ingurumena errespetatzen duen, justizia soziala defendatzen duen eta, batez ere, gizatiarragoa den beste garapen-eredu bat eskaini ahal izateko itxaropen bakarra. Baina horrek, lehenik eta behin, Europaren integrazio-proiektuan jauzi kualitatibo bat ematea eskatzen du, Europaren etorkizunari buruz egingo den hurrengo Konferentzian aurkeztuko den aukeratik eta bultzada eta determinazio politikotik abiatuta. Eta, ondoren, maila anitzeko benetako gobernantza-eredu bat diseinatzea eskatuko digu, funtzioak eta eskumenak argi eta garbi definituko dituena, eta, bertan, Estatuez, Estaturik gabeko nazioez, eskualdeetako gobernuez eta tokiko agintariez gain, Europa berria behetik gora eta gure gizartearekiko konplizitate handiagoarekin eraikitzera eramango gaituena.
125 urte luze hauetan egin duen ibilbidean, EAJ-PNVk ondo baino hobeto erakutsi du bokazio europazalea duela, Europaren sorreratik erreferentziazko erakunde eta mugimendu guztietan parte hartu duelako. Gauzak horrela, Schumanen Adierazpenaren 70. urteurrena efemeride egokia da Europarekin hitzemanda gauden konpromisoa eta Europa proiektuarekiko atxikimendua berresteko. Europa berritua, politikoki batua, eginkizun protagonikoa izanik elkarren artean konektatuta dagoen eta elkarrengandik menpeko den mundu honetan, zeinak, gauza guztien gainetik, nazioarte mailako lankidetza erreklamatzen duen. Europa demokratikoa, bere fundatzaileek sorreratik ezarri zituzten printzipio berberetan oinarritua, jatorrizko herrien borondatea errespetatuko duena.