Informazio horiek jasotzen dira Izaskun Bilbao Barandica Europako diputatu jeltzaleak aurkeztu duen ekimenari emandako erantzunean. Ekimen horretan, Europako Batzordea laket-arrantza eta ontzidi profesionalen arrantza bateratzeko garatzen ari den neurriez interesatzen zen."Oso positiboki baloratzen ditut informazio horiek; izan ere, eurodiputatuak adierazi duenez, jakin badakigu aisialdi- eta kirol-jarduera horiek garrantzi ekonomikoa dutela kostaldeko zenbait eremutan, bai hornikuntza-industriarentzat, bai arrantza-komunitate tradizionalen errenta dibertsifikatzea ahalbidetuko duten jarduera berriak sortzeko gaitasunagatik. Baina espezie jakin batzuen stocketan duen eragina ere nabarmena da. Horregatik, lehentasuna eman behar zaio kontrola hobetzeari, datu-bilketa bereziki hobetzeari, jarduera horrek arrantza lekuetan duen eragina behar bezala ebaluatzeko eta, horrela, jarduera profesionala eta aisialdikoa hobeto bateratzen laguntzeko".
Europako parlamentuko euskal diputatuak bere ekimenean azaldu zuenez, argudio horiek oinarritu dituzte azken urteetan "Europa mailan laket- arrantzaren jarduna ordenatzeko" egindako proposamenetan,honako alderdi hauek barne hartuta: baimenak emateko sistema, jardueraren beraren definizioa, aldi baliodunak, harrapatzeko aukerak, horien identifikazio ezabaezina eta lehorreratzeko eta kontrolatzeko prozedurak. Ildo horretan, Frantziak "urtarrilaren 30ean hegalaburraren laket- arrantza arautuko duen dekretu bat onartu zuen, espezie hori aurten kudeatzeko urte anitzeko planaren esparruan", gogorarazi du. Horregatik, Batzordeak interesa erakutsi zuen epe laburrean itsasoan laket- arrantzaren kontrola indartzeko egingo zituen ekimenen inguruan.