Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Andoni Ortuzarrek, EAJren poztasuna adierazi du Eusko Jaurlaritzaren eta Gobernu zentralaren artean, Vitoria-Gasteizen, Gernikako Estatutua 2021ean osorik betetzeko adostu duten akordioa izenpetutakoan. Topaketa historiko honetan parte hartu dute Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburu Josu Erkorekak Carolina Darias Lurralde Politika Ministro andrearekin. Akordio honek, Ortuzarren esanetan, euskal erakundeei ematen die “Gernikako Autonomia Estatutua osorik beteko den ziurtasuna, euskal gizarteak aspalditik duen ametsa delarik”. Jeltzaleen buruarentzat, hitzarmen honek “poztasun bikoitza” ematen du era berean beteko delako “Pedro Sánchezek berak Euzko Alderdi Jeltzalearekin bere inbestidurarako hitzeman zuen konpromisoa”. Ortuzarrek, hori bai, argi utzi nahi izan du zuzentzen duen alderdiak “gogor ekingo diola egutegi hau bete dadin eta, azkenean, euskal hiritarrok gure Estatutua datorren urtean erabat betetzen dela ikus dezagun”.