Ortuzarrek ohartarazi duenez “Araban PP bozkatzea da gure forutasuna arriskutan jartzea eta Ciudadanosen eskuetan uztea”

Vitoria-Gasteizen egin den ekitaldian, EBBko presidenteak, Urkullu Lehendakariak , Mikel Legardak eta Almudena Otaolak bermatu dute EAJ-PNV izango dela “inboluzio arriskutik eta mehatxu birzentralizatzailetik babestuko gaituen kai-muturra”
25 Apirila | Araba

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Euskal autogobernua arriskutan dago, Hori inork ere ez du auzitan jarriko. Autogobernua mehatxatzen du PP, Ciudadanos eta Vox `derechonako´ hiru alderdien artean ematen ari den lehiak , hirurak lehiatzen ari direlako apirilaren 28an aurkeztuko direnen artean nor baino nor zentralistena eta espainiarrena izateko. Lehia honetan Arabako PPk ez du atzean geratu nahi, Iñaki Oyarzábal Herrialde honetako senatari batek erakutsi zuen bezala, duela aste batzuk berak Senatuan izenpetu zuelarik Estatutua bete gabe uzteko proposamena. Oyarzábali eta Javier Maroto Kongresurako Arabako hautagaiari hitz egin die gaur Andoni Ortuzarrek. “Casadok esan du bere gobernua Ciudadanosekin eta Voxekin osatuko duela. Casadok, Marotok eta Partido Popularrak onartuko al dituzte Ciudadanosek Euskadiren kontra egiten dituen erasoak? Araban gaude eta galdera da: Casadok, Marotok eta Partido Popularrak defendatuko al dute Arabaren forutasuna Ciudadanosen eta Voxen aurrean? Casadok, Marotok eta Partido Popularrak defendatuko al dituzte Arabako eskubideak, egun batean eta hurrengoan Ciudadanosek erasotzen dituenak? Igandean Araban Partido Popularra bozkatzea da gure forutasuna arriskutan jartzea, Ciudadanosen eskuetan uztea”, ohartarazi du jeltzaleen buruak Vitoria-Gasteizen eraberritu duten Barbara Deuna enparantzan. Ortuzarrekin batera ekitaldian hitz egin dute Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Kongresu eta Senaturako Arabako hautagai Mikel Legardak eta Almudena Otaolak.

Ortuzarrek salatu du jendearen aurrean PPk eta EH Bilduk eztabaidatu arren eta elkarri mokoka ari diren arren, erakundeetan estrategiak eta interesak partekatzen dituztela. “PP eta Bildu elkar elikatzen ari dira kanpaina honetan. Atzo bertan Marotok plantak eta itxurak egin zituen Bilduko ordezkariaren kontra, eta azken honek biktimarena egin zuen erasoari aurre eginez. Itxurakeria hutsa. Kanpainan ematen du etsaiak direla, baina errealitatea da Eusko Legebiltzarrean astero elkartzen direla. PPk eta Bilduk ehunetik gora alditan batera bozkatu dute legealdi honetan, beti Eusko Jaurlaritzaren eta EAJren kontra, beti eragozpenak jartzeko. Ez daitezela orain itxurakeriekin eta plantekin egorri. PPk Bildu erabiltzen du eta Bilduk PP baliatzen du. Beraz, hipokresia gutxiago!”. Jeltzaleen buruak berretsi du Aberri Egunean adierazi zuen konpromisoa. “Euskal autogobernua ez dago ukitzerik. Euskadi erasotzen badute, gure autogobernua erasotzen badute, gure Eskubideak errespetatzen ez badituzte, hitzarmena hausten badute, aurrez aurre izango dute EAJ-PNV. Elkarlanean aritzeko prest gaude, beti. Negoziatzeko, hitzartzeko, entzuteko, hitz egiteko prest gaude. Akordioak lortzeko prest. Beti. Ez zaigu mugak jartzea gustatzen, bat izan ezik: euskal emakume eta gizon guztien eskubideak errespetatu behar direla. Euskadi errespetatu behar dela. Bere autogobernua errespetatu behar dela”, esan du. “Euskadiren defentsa Diputatuen Kongresuan eta Senatuan EAJ-PNVk bermatzen du”, amaitu du.

Iñigo Urkullu Lehendakariak nabarmendu du gure autogobernuari eta ongizateari gaur egun egiten ari zaizkien mehatxuak inoiz baino serioagoak direla. Baina, aldi berean, erantzuna gure eskuetan dago. Bere hitzetan “Gure autogobernua eta orain arte eraikitako guztia baldintzatzeko ahalmena txikiagoa izango da gure indarguneetan kontzentratzen bagara. Igandeko hitzordua berebizikoa da. Gure indar guztiak Euzko Alderdi Jeltzalean kontzentratzeko aukera paregabea.”

Lehendakariaren aburuz, EAJk defendatzen ditu gure mugetatik kanpo ere aintzat hartuak eta aitortuak diren Autogobernua, Ekonomia Ituna eta Euskal Aberria. Amaitzeko esan duenez “Gu gara inboluziotik eta mehatxu birzentralizatzailetik babesteko kai-muturra. Estatu eredu berri bat aldarrikatzen dugu eta eredu horrek aitortu beharko ditu Euskadiren nazio errealitatea, gure Autogobernu berezia eta berdintasunean, aldebikotasunean eta betetzeko bermeekin adostutako akordioan oinarritutako harremana.”

Gasteizko hiriburuko erdigunean Kongresurako Arabako hautagai Mikel Legardak baieztatu du orain inoiz baino gehiago behar dela legebiltzar talde indartsua Madrilen. “Ziurgabetasunez betetako une politiko batean bizi gara, gizarte eskubideen, askatasun publikoen eta gure autogobernuaren inboluzio arriskuaren mehatxupean gaude. Euskadi erreferentea da esparru horietan guztietan. Babestu behar ditugu. Horretara goaz Madrilera. EAJ ez badago, inork ez du Euskadi defendatuko. Orain arte erakutsi dugu. Hemen daude gure lorpenak eta bide beretik jarraituko dugu. Elkarrizketa, negoziaketa eta hitzarmen alderdia gara. Egonkortasun politikoa ematen diegu erakunde politikoei eta ekonomiari. Euskal autogobernua defendatzen dugu. Estatuko lau alderdiek asko hitz egiten dute baina ez dute Arabaz pentsatzen. Etengabeko liskarrean galduta dabiltza. Horregatik, behar-beharrezkoa da Madrilen EAJ indartsua izatea”, nabarmendu du.

Almudena Otaola Senaturako Arabako hautagaiak, bere aldetik, EAJ-PNVren aldeko botoa eskatu du eta esan du erabat ezinbestekoa dela “Euzko Alderdi Jeltzalearen alde emaniko boto bakoitza, Euskadi defendatzeko botoa delako”. “Erreklamatzen dakigu eta adosten dakigu. Helburu positiboekin adosten dugu, Arabako industriak aurrera egin dezan, logistikak funtziona dezan, berritzeko, Ekonomia Ituna, gure Eskubide Historikoak eta gure burua gobernatzeko gaitasuna indartzeko”, aldarrikatu du .

PARTEKATU