Ortuzarrek ohartarazi du “Bruselan demokrata gisa aurkezten diren baina Espainian muturreko alderdiekin eta xenofoboekin elkartzen diren alderdien moral bikoitzaren aurrean”

EBBko presidenteak `Bilboko Adierazpena´ aldarrikatu du Bruselako Palais d‘Egmont-en Europako Alderdi Demokratako eta ALDE taldeko lehen ministroek gaur egin duten gailurrean
21 Martxoa | Europako Legebiltzarra

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Bruselan ohartarazi du “Europan europazale eta demokratiko gisa aurkezten diren baina beren Estatuetan boterea lortzearren alderdi xenofobo eta Europaren kontrakoengan babesa bilatzen duten alderdi politikoen moral bikoitzaren aurrean”. “Mehatxu hori errealitate bat da gaur egun Espainiako estatuan eta uste dugu zaila dela, bateraezina ez esatearren, mahai honetan esertzea eta aldi berean, muturreko eskuineko alderdiak baliatzea gobernura iristeko”. Ortuzarrek hitz egin du gaur Europako Alderdi Demokratak (EAD-PDE) eta ALDE taldeak Bruselako Palais d’Egmont-en egin duten gailurrean. Topaketan parte hartu dute Europako Batasuneko zortzi estatutako presidentek, Batzordeako presidenteorde Andrus Ansip-ek eta beste lau komisario gehiagok.

Ortuzarrek Europako lider demokrata-liberalen aurrean aldarrikatu du `Bilboko Adierazpena´ izenburukoa, EAD-PDEk iragan otsailean Bizkaiko hiriburuan egin zuen topaketan onartu zuen agiria. Adierazpen horren abiapuntu nagusia da Europako prozesua gaur egun “ahul” dagoela aitortzea eta Europa “sakonetik eta demokratikoki” eraberritu behar dela. Berregite horrek hiru zutabe nagusi ditu. Lehenengoa da zutabe soziala. “Europa  bere hiritarrekin egin beharko da, Europan bizi diren emakume eta gizonentzat. 2008ko krisiak milioika pertsonengan utzi duen sentimendua izan da Europako erakundeek bertan behera utzi dituztela. Ezinbestekoa da lan koordinatua egitea gutxieneko estandarrak ezartzeko hezkuntzan, osasunean eta gizarte ekintzan, Gizarteratzeko Gutxieneko Errenta barne. Europa behar bezala berregituratu nahi badugu, krisiaren eraginez atzean geratu ziren pertsonak erreskatatzea dagokigu. Eta globalizazioaren biktimei ere lagundu behar diegu. Horretarako, ezinbestekoa da erregioetako eta tokian tokiko erakundeen parte hartzea integratzea, migrazio-programa behin betiko ebazteko”.

Bigarren zutabe nagusia da “Europa lurralde anitza dela aitortzea eta aniztasun horretan sakontzea, Estatu kideetatik harago doan lurraldea, jendearengana iritsi beharra duen lurraldea. Eta jendearengan iristeko, ezinbestekoa da gurea bezalako beste errealitateri behatzea, Estaturik gabeko nazioena,alegia: Euskadi, Katalunia, Flandria, Eskozia eta Nortasun sendoa duten beste hainbat. “Aniztasunean elkartuta” da EBren goiburua eta horrek ez du `batasuna´ esan nahi, baizik eta gutxiengoak errespetatu beharra. Ezinbestekoak dira maila anitzeko gobernua eta Europako legeria loteslea, gutxiengoak errespetatuko dituztena eta parte hartzeko bideak eskainiko dituztenak , gatazkei aurrea hartzeko orduan oso eraginkorrak izan daitezkeen tresnak”, esan du Ortuzarrek, eta hirugarren zutabea da, jeltzaleen buruaren esanetan, Europa “demokraziarako esparru” gisa finkatzea. Ortuzarrek esan du “begi onez“ ikusten duela Alemaniatik eta Belgikatik abian jarri den ekimena Estatu kideetan kalitate demokratikoa bermatzeko kodea ezartzera begira, baina era berean uste du “Estatuetan ez ezik eragile politikoengan ere aplikatu behar dela”. “EAJk eragile horien artean dagoela uste du eta kalitate demokratikoa neurtzeko test hori gainditu beharko luke. Guk eta hemen eserita gauden guztiok”, esan du EAJko presidenteak. “Baina kezka handiz ikusten ari gara nolabaiteko moral bikoitza finkatzen hasia dela: Bruselara eta Europara demokrata eta europazaletasun etiketarekin etortzea, baina gero, barne esparruan, esate baterako Espainiako estatuan, muturreko eskuineko alderdien eta xenofobo eta Europaren kontrako taldeen babesa baliatzea. Guretzat guztiz bateraezina da europazalea izatea eta, aldi berean, gobernatzearren edo Moncloara iristearren, muturreko taldeen botoak baliatzea”, amaitu du Ortuzarrek. EAJ-PNVko presidentearen hitzaldia oso txalotua izan da eta amaitu du esanez “nazio txiki baten eta alderdi txiki baten apaltasunarekin” hitz egin duela, baina, hori bai, “ehun urte Europako Batasuna sustatzen daramatzatela ahaztu gabe”.

PARTEKATU