Ortuzarrek Madriletik ohartarazi dio Sánchezen Gobernuari: “lege dekretuetarako astia badago, transferentzietarako astia dago”

Euzkadi Buru Batzarreko presidentea Kongresu eta Senatuko Euskal Taldeetako ordezkariekin batzartu da legealdiaren azken zatian Jeltzaleek eramango duten estrategia zehaztera begira: “Moncloak bizkorrago ibili beharra du transferentziekin”, ohartarazi du
27 Otsaila | EBB

OHARRA: Bileraren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal izango dituzu bereizmen handian.

“Lege-dekretuetarako astia badago, transferentzietarako astia dago”. Esaldi honek borobiltzen du Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek gaur, Madrilen, Pedro Sánchezen Gobernuari helarazi dion mezua. “Bizkorrago ibili beharra dago. Hauteskundeak baino lehen behar bezala osatu behar ditugu, gutxienez, lehen blokeko transferentziak (Gobernu Zentralak Eusko Jaurlaritzak bidalitako agirietan jasotzen diren zazpi transferentziak). Lana eginda dago. Hainbatetan eztabaidatu ditugun gaiak dira. Borondate politikoko kontua da, alderdi teknikoak argi daudelako”, baieztatu die Ortuzarrek komunikabideei Diputatuen Kongresuaren aurrean, Behe Ganberan eta Senatuan EAJ-PNVren ordezkari diren diputatu eta senatariekin egin duen batzarra amaitutakoan. Ortuzarrek, Mireia Zarate EBBko idazkariak eta Madrilgo hautetsi jeltzaleek amaitzear dagoen legealdiaren balantzea egin dute. Hiru urte hauek, oro har, emaitza onak utzi ditu Euskadirentzat, aldi honetan akordio historikoak lortu direlako eta jeltzaleen eragina erabakigarria izan delako, besteak beste lortu da Kupoaren eguneratzea, Abiadura Handiko Trenari eman zaion bultzada, euskal industriaren zati handi batek ordaintzen duen tarifa elektrikoa beheratzea, Garoñako zentral nuklearraren itxiera, pentsioak oro har igotzea edo, lehen aldiz Gernikako Estatutua betetzeko falta diren transferentziak egiteko egutegia onartu izana. Egutegi hau betetzeko lanetan buru belarri arituko da EAJ-PNV legealdia amaitzeko falta den aldian eta hurrengoan. Ortuzar eta Zaraterekin batera, topaketan izan dira Aitor Esteban, Mikel Legarda, Idoia Sagastizabal, Joseba Agirretxea eta Iñigo Barandiaran diputatuak eta María Eugenia Iparragirre, Nerea Ahedo, María Dolores Etxano, José María Cazalis eta Victoriano Gallastegi senatariak.

Ortuzarrek salatu duenez “oso informazio eskasa jaso dugu bide ofizialetatik baino gehiago prentsatik ezagutzen ditugun lege dekretuak aurrera ateratzeko xedez Gobernuak darabiltzan planei buruz”. Dena dela, esan du jeltzaleak dekretu horiek “aztertzeko prest” egongo direla “testuak denbora egokian eta era egokian ematen badira”. EAJk oraindik ulertu ez duena da Gobernua gai horrekin horren presaka ibiltzea eta oso garrantzitsua den beste gaiarekin atzeratuago ibiltzea, are gehiago PPk iragan astean Senatuan Ciudadanos eta UPNren babesarekin bultzatu zuen akordioaren ondoren: Estatutuaren garapena eta Gernikako Estatutua betetzeko falta diren transferentziak eta Nafarroako Foru Erkidegoan falta direnak. “Senatuko akordiotik hona, gai hau gero eta garrantzitsuago bihurtu da. Behin eta berriz esan da Espainiako eskuindarrari hurrengo hauteskundeetan aurre egin behar zaiola, baina nik uste dut ez dela hauteskundeak iritsi arte itxaron behar. Batzuek nahi omen duten inboluzioari aurre egiteko egin dezakegun onena da normaltasun instituzionala ahalbidetzea”. Zentzu horretan, Ortuzarrek adierazi du EAJ-PNVk Espainiako gobernuari mezu bat helarazi diola eskuduntzen transferentziak burutzeko lanak bizkorrago egin ditzan, hauteskunde aldian egon zein ez. Lege dekretuak egiteko astia badago, transferentziak egiteko astia ere badago”, amaitu du.

Ortuzarrek ulertzen du “batzuek lurraldetasunaren inguruan kanpaina egin nahi dutela ikusirik, Sánchezen gobernuko inor beldurtuta egon daitekeela transferentzien gaiarekin”, Baina uste du atzera egiteko mehatxu horri eman behar zaion erantzuna beldurraren kontrakoa dela. “Guztiz alderantziz egin behar da: gizarteari bidali behar zaizkio aurrera egiteko mezuak, esan behar zaio elkarrizketak emaitzak dituela, hitz eginez elkar ulertzeko gai garela eta elkarrizketa horrek dakarrela legea betetzea eta autonomien estatuan nazio-aniztasuna hobeto asumitzea. Eta uste dut mezu egokia dela Kataluniako gaia ere bideratzeko”.

PARTEKATU