Mediavilla: “Espainiako Justizia ereduak porrot egin duela uste dugu”

EBBren Arlo Instituzionaleko burukide arduradunak baieztatu du balizko hauteskunde orokorrak uri, foru eta Europako hauteskundeekin batera egitea “erabaki txarra” litzatekeela, ez luke ezer konponduko eta, gainera, EAJ-PNV “guztiz kontra” egongo litzateke
20 Azaroa | EBB

Koldo Mediavilla Euzkadi Buru Batzarreko burukideak, gaur, Marchena epaileak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko buru izateari uko egin diola jakin ondoren adierazi du bere ustetan Espainiar estatuko justizia ereduak porrot egin duela “krisi instituzionalarekin, krisi demokratikoarekin eta bizikidetza politikoaren krisiarekin areagotu den porrota”, hain zuzen. Mediavillak azpimarratu du Marchenak uko egin izana dela “Espainiako estatuak bizi duen krisi instituzionalaren azken tanta. Justizia esparrua erabat kaltetu duen krisia, alde batetik, Auzitegi Gorenak hipoteken inguruan berrikitan eman dituen erabakiekin Administrazio Justiziaren beraren sinesgarritasuna auzitan jarri dutelako eta, bestetik, bi esparru guztiz kaltegarri daudelarik: justiziaren politizazioa eta politikaren judizializazioa, sorburu politikoa duten hainbat gairekin,besteak beste Kataluniako auzia, konponbiderik agertzen ez duena”.

Burukide jeltzaleak era berean azpimarratu duenez, inork uste badu konponbidea hauteskundeak aurreratzetik etorriko dela “erabat erratuta egongo da, fenomeno honen irtenbide bakarra demokrazia handiagotik etorriko dela uste dugulako, elkarrizketa gehiagotik eta alderdi politikoen arteko akordio gehiagotik. Lotsarazi egiten gaituzte bereziki Cosidok, Senatuko PP taldeko bozeramaileak, eragindakoa moduko gertakariek; lotsarazi egiten gaituzte gaur egun PPko bozeramaile izaten jarraitzeak, bere tokian jarraitzen duela ikusteak, dimititu gabe, eta bere alderdiak beste alde batetara begiratzen duela ikusteak, talde politiko batzuek justiziarekiko dauzkaten sasiko interesak erakutsiaz”.

Hauteskunde orokor aurreratuez galdetuta, Mediavillak zera erantzun du “ez dira ezeren konponbide izango, baina argi eta garbi geratu da akordio eta elkarrizketa borondatea apurtutzat jo dela, amaitutzat; eta sinesgarri jotzen dugu epe ertain edo laburrean hauteskundeak deitzea. Baina uste dugu oso erabaki txarra izango litzatekeela hauteskunde orokorrak udal hauteskundeekin batera egitea, eta gure kasuan, Udal, Foru eta Europako hauteskundeekin batera. Oso erabaki txarra litzateke eta, zentzu horretan, guztiz kontra egongo ginateke”.

Mediavillak era berean ekarri du gogora erakundeetako elkarbizitza politikoa. “Guk baloratzen duguna da hitzartutako akordioak betetzea. Eta hitzartutako konpromisoen artean dago hauteskundeen deialdiari dagokiona eta aurreko gobernuekin hitzemandako akordioak eta Euskal Autonomia Erkidegora hainbat transferentzia egiteko hitzemandako akordioak, Autonomia Estatutua onartu zenetik 40 urte igaro direlarik. Guk eskatzen dugun gauza bakarra da eman den hitza bete dezatela. Ikusiko dugu behin betiko erabakia zein den, baina uste dugu garrantzitsuena dela elkarrizketa areagotzea eta inola ere apurketa demokratikoa eragitea, une honetan hainbat alderdi Estatu mailan bultzatzen ari direna, gatazka eta krispazio egoera sortzera begira” .

PARTEKATU