Europako Parlamentuak ateak ireki dizkio nazio-gutxiengoak babesteko Europako bitartekaritzari

Europako Parlamentuko liberal eta demokraten taldeko presidenteorde Izaskun Bilbaok gaur babestu duen txostenak legeria loteslea proposatzen du nazio-gutxiengoak eta beren eskubideak esparru politikoan, hizkuntzen arloan, hezkuntzan eta nortasun esparruan babesteko
Europako Parlamentuak ateak ireki dizkio nazio-gutxiengoak babesteko Europako bitartekaritzari
13 Azaroa | Europako Legebiltzarra

Agiria 489 eurodiputatuk babestu dute, ganberako gehiengo absolutuak, eta  bere bidez ezartzen da babes hori izango dela Batasunean demokraziaren eta Zuzenbide estatuaren inguruan hitzemango den hitzarmenaren oinarrizko edukietako bat. Era berean aldarrikatzen du gainbegiratze mekanismoa ezartzea, hau da, Urkullu lehendakariak proposatutako Argitasun Zuzentarauak iradokitzen duena moduko arbitraje mekanismoa. Era berean, aurka egiten dio hauteskundeei buruzko legeria bidez aniztasun horren adierazpen instituzionala ezabatu ahal izateari.

Izaskun Bilbao Barandicak atzo gaueko azken orduan Joseph Nagy Hungariako diputatuak koordinatu duen txosten hau aurkeztu zenean azpimarratu zuenez, bere edukiak berebizikoak izango dira “nazio-gutxiengo bateko kide izateagatik diskriminatuta dauden milioika europarren eskubideen defentsan”, eta   ekarpen argigarri jo du estatuen nazionalismoen aurrean. “Estatuen nazionalismoek Europa integratzeko hainbat proposamen eragozten dituzte. Baina era berean oztopatzen dute errealitate nazional tradizionalak ukatuaz, beren kideen oinarrizko eskubideen kontra eginaz,hauteskunde legeria baztertzaileen bidez  haien ordezkaritza instituzionala eragotziaz eta lurralde arazo handiak eraginaz. Ofizialki ukatu arren, erabat kaltetzen dute gure Batasuna”.

“Batasuneko erakundeek, gaineratu zuen atzo eurodiputatu jeltzaleak, pribatuan aitortzen dute `denek ezagutzen duten sekretu hau´, eta tresnak behar dituzte”. Horregatik azpimarratu zuen EAJk ere babestuko duela “gutxiengoak babesteko legeria loteslea”. “Arazoak gaiztotzen direnean ere, bitartekaritza egin ahal izateko. Egiaztatu dugu jada nazionalismo baztertzaile batek, zuzenbidea bere nahierara erabilita, hiritar baketsuen kontrako jarduera polizialak justifikatzen dituela edo zigor arazo bat arazo politiko bihur dezakeela eta  herri kargudunak beren jardun politikoagatik espetxeratzera irits daitekeela. Eta horrek denak ia ezinezko izan beharko luke gure Batasunean”. 

PARTEKATU