Bilbaok esan du estatuko edo Europako ordenamenduan ez dagoela inolako lege eragozpenik Euskadiko polizia Europako segurtasun foroetan erabat sartu dadin, eta uste du ezinbesteko gertatzen dela ezagutza eta baliabide guztiak baliatzea, hiritargoari ematen zaion zerbitzua eraginkorra izan dadin.
Europako Parlamentura heldu zenez geroztik, eurodiputatu jeltzaleak gai honen inguruko hainbat ekimen egin eta aurkeztu ditu eta, Madrilen eta Gasteizen segurtasunaren inguruan adostu diren akordioen eraginari esker,nabarmen hobetu dira Euskadiko polizia SIS sistemaren barruan sartzeko baldintzak.
Izaskun Bilbao Barandicak azpimarratu duenez “estatu kidearen legeriari eta Batasunaren legeriari begiratuta eta logika operatibotik ere, Ertzaintzak bere ordezkaritza propioa izan behar du segurtasun estrategiak erabakitzen eta koordinatzen diren nazioarteko foro eta batzorde guztietan. Europako polizien arteko konexio zuzenak ezartzen diren eta hainbat ikerketa prozesuren jarraipena ahalbidetzen den esparruan”.