Daniel Ortega Nikaraguako Presidentearen eta bere Gobernuaren kontrako protesta sozialak iragan apirilaren 18an hasi ziren herritarrak zigortzen zituen gizarte segurantzaren baitan abian jarri nahi ziren erreformek huts egin ondoren. Erreformak abian jartzeko saiakera hura izan zen herritarren haserrea piztu zuena, Managuako gobernuaren kontrako desadostasun sakona adieraziz. Gobernuak azken hiru hilabeteotan eman duen erantzun errepresibo eta erabat neurrigabeak, Nikaraguako Giza Eskubideen Zentroak emaniko informazioen arabera, ia 400 hildako eragin ditu, ia 2.000 zauritu eta 226 preso politiko izan dira atxilotuak.
Gobernuak eragindako indarkeria honen aurrean, gizartearen protestak erreprimitzeko orduan talde paramilitarrak era indiskriminatuan baliatzen dituelarik, Giza Eskubideen Amerika arteko Batzordeak (GEAB), Amerikako Estatuen Erakundeak (AEE) eta Latinoamerikako hamairu herrialdek Nikaraguako Gobernuari exijitu diote herritarren manifestaldien kontra indarrez eragindako errepresioari amaiera ematea. Europako Parlamentuak ere ebazpen bat onartu du zentzu berean.
Borroka zibila ekar lezakeen egoera dramatiko honen aurrean, Euzko Alderdi Jeltzaleak bat egiten du arestian azaldutakoarekin, eta zera adierazten du:
1) Erabat gaitzesten ditugu Gobernua babesten duten talde polizialek eta armatuek eskubideak, askatasunak eta hauteskundeak aldarrikatzen dituen biztanleria zibilaren kontra eragindako indarkeria eta giza eskubideak urratu izana.
2) Gure elkartasun eta solidariotasun osoa adierazi nahi diegu poliziak eta talde parapolizialek eragindako hildakoen eta zaurituen senide eta adiskideei.
3) Erabat garrantzizko jotzen dugu ‘Dialogo Nacional con la Alianza Cívica’ deritzona eta Nikaraguako Konferentzia Episkopalaren bitartekaritza berrezartzea, jazarpena geldiarazteko eta gaur egungo krisi politiko eta sozial larriari irtenbide adostua diseinatzeko, zerbait egin ezean, are larriago bihurtzeko arriskua dakarrelako.
4) Konbentzituta gaude hauteskunde demokratiko aurreratuek irtenbiderik ez daukan gaurko egoera desblokeatzen lagun lezaketela, Nikaragua herrian adiskidetze eta elkarbizitza etapa berria abiaraztera begira.
Bilbon, 2018ko Uztailaren 26an