Eurodiputatu hauek ordezkatzen dituzten indar politikoek aurreko udan ekimen bat jarri zuten abian zeinen bidez euro ganberako 52 kidek Europako Batzordearen presidentearen aurrean salatu zuten gazte hauentzat zigor handiegiak eskatzen ari zirela.
Bilbao, Albiol, Benito, eta Mirandak beren ekimenean gogoratu dutenez “epaiak auziperatutako gazte hauek kondenatzen ditu hamahiru urtetaraino doazen espetxe zigorretara”. Era berean azpimarratu dute alde nabarmena dagoela epai judizial honen eta antzeko kasuetan eman direnen artean, beste kasu batzuetan askoz zigor arinagoak ezarri direlarik.
Izaskun Bilbao Barandicak azpimarratu duenez “Altsasu auzi honetan ez gara inpunitatea defendatzen ari. Indarkeria hura hasieratik gaitzetsi genuen eta elkartasuna adierazi diegu biktimei. Baina era berean kritikatu nahi ditugu zuzenbidea okertuaz zigor zuzenbidetik kanpo eta ezagutzen den jurisprudentzia orotik at dauden printzipioetan oinarritutako epai judizialak ematen dituztenak”.