Ortuzar: “EAOak onartzea izan da aukerarik onena 155a oso epe laburrean egongo delako eta Ciudadanosek dakarren arriskua urruntzen duelako”

EBBko presidenteak azpimarratu du Kontuei `ezetza´ esateak Espainiar estatua ezegonkortasunean murgilduko zuela eta “Euskadirentzat okerra baino okerragoa” den Albert Ribera indartuko zuela
24 Maiatza | EBB

Oharra: Elkarrizketaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek gaur baieztatu du Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartu izana “onena“ izan dela “Euskadirentzat eta Kataluniarentzat”, “Aurrekonturik gabe 155ak hainbat hilabetetan indarrean jarraituko zuelako eta orain uste dugu oso denbora laburrean egongo dela”. Jeltzaleen buruak era berean baieztatu du “uste osoa” duela “Kataluniako parteak” eta Mariano Rajoyk artikulu hori altxatu nahi dutela. Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Ortuzarrek bere alderdiak kontuei eman dion babesa aldeztu du. Azpimarratu duenez “kontzientzia lasai” dauka “Euskadirentzat ez ezik Kataluniarentzat ere onena delako, eta beste alternatibarik duenak, azal diezadala”.

Aurrekontuen ikuspuntutik, Ortuzarrek uste du akordioa “pozik baino pozago egoteko modukoa” da “oso aurrekontu ona delako Euskadirentzat”, EAEn egingo diren 540 milioiko inbertsioei pentsioen igoera gehitzen zaielako. Ortuzarrek era berean aldarrikatu du pentsioen inguruan adostu den akordioa, pentsiodunek hasiera batean egiten zituzten eskariak jasotzen baitituzte. “Nik ulertzen dut pentsiodunek gehiago eskatzea, guztiz zilegi da. Bakarrik esaten dut guk lortu duguna ona dela, beraiek eskatzen zutenaren norabide berean doala eta organismo bat dagoela, Toledoko Ituna deritzona,beren aldarrikapen guztiak aztertu behar dituena. Gu mahai horretara hori dena eramateko prest gaude, ez diogu gure erantzukizunari edo eragiteko dugun gaitasunari uko egiten, baina uste dugu bidezkoa dela orain lortu dena aitortzea, lehenengo, ona delako, eta bigarren, hori zelako pentsiodunen aldarrikapenaren oinarri nagusia”, baieztatu du.

Ikuspuntu politiko batetik, Ortuzarrek uste du Kontuei eman zaien `baietzarekin´ urrundu egiten dela “aldi baterako behintzat” Ciudadanos alderdiak suposatzen duen arriskua, une honetan hauteskundeak aurreratuko balira “Ciudadanosek kirtena bere eskuetan izango luke eta hori, guretzat, ez da bat ere ona. Rivera oso txarra da Euskadirentzat. Bere estatu eredua gurekin bateraezina da. Traba egiten diogu, gu paretik kentzera dator,ezberdintasunak eta berezitasunak ez ditu gustuko”. Era berean azpimarratu duenez “Aurrekontuak onartu ez baziren 155 artikulua hainbat hilabetetan egongo zen, eta orain uste dugu oso denbora laburrean egongo dela”. Aditzera eman duenez “`ezetza´ bozkatzeak `sine die´ luzatuko zuen 155.aren aplikazioa, Rajoyk aurrekonturik gabe ez zuelako gauza handirik egiteko aukerarik izango“ eta orain “kataluniarrek beren erabakiak hartzen joateko aukera dute” eta “Gobernuko buruak nolabaiteko askatasuna dauka eskuak lotu nahi dizkion Ciudadanosen aurrean”.

Jeltzaleen buruak baieztatu duenez konbentzituta dago “alderdi katalanak 155 altxatzea nahi duela” eta “uste osoa baino gehiago ere, Rajoyk ere altxatu nahi duela. Horiek gauza biak horrela badaude, denbora kontua da eta parte biek hori zein baldintzatan egin daitekeen ikusi beharko dute, biontzat egokia izan dadin, eta orain arte ezin izan da horrela gertatu”, azaldu du. EBBko buruak baieztatu duenez “azken hilabeteotan oso hurbil egon dira” eta azkenean “ezin izan da lortu gure lagun katalanek, zilegitasun osoz, ondo pentsatu dutelako eta hala gertatzeko baldintzak ematen ez zirela pentsatu dutelako”. Edozein kasutan, esan du EAJ ez dela urrundu “155 a albait arinen desaktibatzeko lanetik“ eta “atzora arte bezala, gaurtik aurrera ahalegin guztiak egingo dituela artikulu hori desager dadin”.

Ortuzarrek txarretsi egin ditu EAJ-PNVk EAOak babesteagatik jaso dituen kritikak. Pablo Iglesias Podemosen buruak eginikoei erantzunez gogoratu duenez “Rajoy gaur presidente bada, bere erruagatik da. Iglesias, une honetan, oso estu eta larri dabil eta txibiaren tintaren estrategiarekin dabil, ea gainerakoei tinta botatzean berea disimulatuago geratzen den. Txibiak garbitu dituenak badaki, listo eta argi ibili ezean, atzamarrak zikindu egiten direla, tinta besteei bota beharrean”. Era berean kritikatu du “Bildu nik zer egin behar dudan eta zer egin behar ez dudan esatera irtetea”. EAJk, baieztatu du Ortuzarrek “155 a indargabe uzteko lanari ekin dio eta ekingo dio”, baina ez dira geratuko “denborarekin protagonistek eurek aldatu duten planteamenduaren mende”.

UPNk Aurrekontuak babestuko dituela baldin eta espetxe politika negoziatzen ez bada esanez egin dituen baieztapenez galdetuta, Ortuzarrek esan du Nafarroako alderdi hori “negoziaketa prozesu osoan lotsagarri geratu dela, ezin okerrago aritu dela eta bere joan-etorriekin PPren amorante suminduarena” egin duela.EAJk linea zuzena dauka PPrekin eta Gobernuarekin eta ez du demagogiarik egingo bakearekin, bizikidetzarekin eta horren inguruko gaiekin, espetxe politika barne. Eman beharreko urratsak emango ditugu, eta hori egiteko bidea badago”. Bere esanetan “hori gertatzeko moduko egoera politikoa” sortu behar da, eta “horri buruz biktimekin hitz egin behar da, oso gai delikatua delako. Lan asko egin behar dira, baina UPN ez da izango zelaiari ateak jarriko dizkiona”.

PARTEKATU